Irakurtzeko testua eta hiztegia eta egiturak landu
Testua irakurri ahala beltzez markaturik dauden hitzak klikatu eta eskatutakoari erantzuten saia zaitez.
"Aurrerapen ikaragarria medikuntzan"
Behinola Madrilgo kafetegi bateko mahai baten inguruan estudiante pila bat batu zen, beren artean legegizon eta medikugaiak zirela gehienak, denak "vascongadoak", bi edo hiru euskaldun kenduz gero. Esan beharrik ez dago berriketa ugari egiten zela batzar hartan.
Gau batean zalaparta galanta egin zuten mediku eta legegizonok, haiek beren ogibidearen alde, hauek berena goratu beharrez, bide batez elkarri inon diren txakurkeriak aurpegira jaurtikiz.
Zuek istiluetatik bizi behar izaten duzue...
Zuek, ostera, benenozko medizinekin eta ganibeta antzeko tresnekin zenbat gizajo ez ote duzue beste aldera bidaltzen...!
Lumadun gizonak atzapar gaiztokoak: munduan istilurik ez balego, legegizonak goseak hilik!
Zuek haina edozein atsok daki. Joaten zarete astotzarra baino motzago ohe ondora, hartu han dagoenaren eskumuturra, buruari alde batera eta bestera eragin, ipini paper puska batean burura datorkizuen txerrikeriaren bat, lansari ederrak kendu, eta hor konpon: osatzen baldin bada, ondo, eta hiltzen bada, lurra eman diezaiotela, eta kito. Zuei zer?
Honelako irain garratzak elkarri jaurtikitzera iritsi ziren beren eztabaidan.
Alboko mahaian zaldun urtetsu bat zegoen, ile eta bizar zuriduna, koronel zena edo izana, morroiek esaten zutenez. Estudianteek ezaguna zuten aurpegiz eta agur egiten zioten, beren mahaira etorri edo kanpora joaten zenean, kafetegian bertakoak baitziren aspaldidanik.
Gazteen eztabaida garrazten hasi zenean, jaiki zen halako batean zaldun hori eta begirune handiz esan zuen:
Inork deitu ez didan lekura nator, eta barkatuko didazuela uste dudalako ausartu naiz horrenbesteraino. Izan ere, nik zuen aita izateko hainbat urte dut, zerbait ezagutzen dugu elkar, eta, neure bizitza luzean gauza asko ikusita nagoenez, argi apurren bat ekar dezaket zuek darabilzuen eztabaidara.
Mutilek kapelak erantzi eta beren erdian eserarazi zuten honela esanez:
Jauna, ez daukazu zertan barkamenik eskatu, geuk ematen dizkizugu eskerrak, guregana etorri zarelako.
Agureak eta ikasleek elkarri losintxa handiak eginda gero, hasi zen hura hitzaldi bat egiten, guztiz ederki, denak, poz-pozik entzuten, ahora begira zituela.
Lehendabizi, legea zer den azaldu zuen, honen jatorria, bere beharra munduan, zenbat eta nolako onurak dakartzan, eta, azkenez, zein goratuak izan behar duten legeak ikasi eta aztertzeko izendatuak diren gizonek.
Gero medikuen alde ere gauza guztiz ederrak esan zituen: osasunaren balioa ez dugula ezagutzen bera galdu arte; medikuntzak egiten duela, ez bakarrik gaixotasunari ihes eragin, baita gaitza ekar lezakeen gauza ondo ezagutu eta aldenarazi ere, higienearen bidez; eta horrela nazioak osasuntsu bihurtu eta gogortu, eta edozein aurrerapenetarako gertu ipini; gauza jakina baita, osasun gabeko herriak, ez indarrerako, ez adimen gauzetarako ez daukala ganorarik. Eta honelako asko esan zuen bizitasun handiz.
Mahai hark ikastetxea zirudien orduan, eta irakasleari bezala entzuten zioten, adurra zeriela, mutil gazteek agureari.
Jarraitu zion honek bere arloari honela gutxi gorabehera:
O, harrigarri eta entzungarriak izan dira medikuntza gauzetan urteotan egin diren aurrerapenak; gure lehengoei ametsetan ere inoiz gogoratuko ez zitzaizkienak! Hau dela eta, zuen baimenaz, hain ardura handiz entzuten ari zaretenez gero, neronek Parisko gaixotegi batean ikusi nuen sendaketa bat azaldu behar dizuet.
Bai, bai. Pozarren entzungo dizugu, jauna. Jarrai ezazu zioten mutilek.
Tira, bada. Eraman zuten egun batetan gizagaixo bat izter hezurra hautsita; kamioi handi baten erruedak azpian hartuta edo. Gaixotegi hartako mediku nagusiak eta bere laguntzaileek arduraz begiratu eta ikusi zioten izterra gizon hari. Gero bakoitza bere iritzia adierazten hasi zen, eta gehienek hanka kendu beharko zitzaiola zioten, bizia salbatu nahi bazen. Nagusia, orduan, honela mintzatu zen:
Izterra ebakitzeko astia gero ere izango dugunez, badaezpada nik aspaldian daukadan uste bat ikusi behar da lehenengo. Gizagaixo hau hanka gabe bertan behera uzten badugu, hil egingo da, hankaz, bizimodua kenduko baitiogu.
Uste hori zen hondatuta zeukan izter-hezur atala kendu, eta ordez zakur handi baten hezurra ipintzea arbolei txertoa ezartzen zaien antzera, eta ea hezurrok elkarri lotzen zitzaizkion ikusi.
Egin zen, bada, eta ez dago zertan esan zein ederki zaindu zuten gaixoa medikuek.
Bazihoazen egunak, eta gero eta hobeto zihoan gizona. Izterra sendatu zitzaion azkenean, ohetik jaiki zen eta, oraindik makal, baina hanka lurrean jartzen zuen. Txertoa lortu zen; beste beharrik ez zegoen indarra hartzea baino, gizona osoki gelditzeko.
Hauek dira gauza miragarriak gaurko egunetan ikusten ditugunak! zioten harrituta gazteek.
Baina gure gorputzean atal guztiak hain elkartuta daude, batek ezer daukanean, sarritan okertu, moteldu eta gaixotu egiten dira besteak. Hauxe da medikuek "konplikazioa" esaten diotena. Hauxe gertatu zen han ere. Giltzurrunetara eta maskurira jo zuen gaitzak, ezin zuen pixarik egin. Maskuriak eztanda egin behar zion gizonari eta bizia galdu behar zuen, laster sendabideren bat hartu ezik.
Sendagileok gau eta egun zoratu beharrez zebiltzan, zer ote zen ezin igarrita, liburu guztiak arakatuz ea zein lotura zuen hezurretako gaitzak giltzurrunekin. Itxaropena galtzen hasi ziren; ez zekiten zer egin.
Eta, hil al zen gizagaixoa?
Ez. Dei egin zioten entzute handiko beste mediku bati. Honek zer zeukan eta zer egin zitzaion galdegin zuen. Azaldu zioten guztia. Eta erantzun zuen: "Ea, ekatzue hona gizon hori". Eraman zioten, bada, eta besotik heldu eta horma ondora eramanda, agindu zion:
Altxa ezazu hanka gora, ea pixarik egiten duzun.
Parra-parra ederki egin ere. Han zeuden guztiak ikaratu ziren, eta seriedade handiz esan zuen mediku ospetsuak:
Txakurraren hezurra ipini diozuenez gero, nola arrano nahi zenuten, bada, gizon honek bere beharra egitea, hanka jaso ezik horma baten ondora hurreratuta?
Hau entzunez, hasi ziren gazteak barrez, hain benetan, berei bai eragin ziela pixa agureak bere ipuinaz. Bera, ostera, piperra baino serioago geratu zen.
LETAMENDIA, J. A; BUSTINTZA, E (1975): "Aurrerapen ikaragarria medikuntzan".
Euskera 6, GERO, Bilbo, 16-18 orr.