Irakurtzeko testua
Umeen istripuak
Hona hemen umeen istripuei buruz egindako inkestan atera ziren ondorioak. Inkesta honetan 461 familiak hartu zuen parte eta honen arabera istripua izaten duenaren erretratua honako hau litzateke: hirutik bost urtera bitarteko mutil kozkorra, etxean jolasean.
Diogun bezala, istripurik gehienak hirutik bost urtera bitarteko mutil kozkorrek izaten dituzte etxean jolasean ari direla. Erredurak, berriz, 1etik 2 urte bitartean, hau izaten baita umeak etxean batetik bestera bere kasa ibiltzen hasten diren garaia.
Bestalde, etxean gertatzen dira istripuen erdiak baino gehiago eta eskolan edo haurtzaindegian %14 besterik ez.
Etxe barruan tokirik arriskutsuena sukaldea da, ondoren egongela eta seguruena, berriz, beren gela. Istripua gertatu zenean %70 kasutan umea jolasten ari zen eta kolpe bat izaten da arrazoirik nagusiena.
Gezurra badirudi ere, beste norbaitekin dagoenean hartzen du mina umeak; gutxitan bakarrik dagoenean. Bestalde, burua izaten da gorputz-zatirik kaltetuena (ia kasuen erdia) eta hurrena besoak %30 kasutan; beraz, bi datuak batuz esan daiteke gerritik gorakoa dela kaltetuena.
Istripuen ondorioei dagokienez, kasuen erdia baino gehiagotan zauri arinak izaten dira eta %1ean larriak (datu honek arazoaren grabetasuna adierazten du).
Uda-partea da istripurik gehien gertatzen den garaia, uztaila, abuztua eta irailaren artean ematen baitira istripuetatik %40a. Hiru hilabete hauetatik abuztua da arriskutsuena, iraila ondoren eta gutxixeago uztaila.
Hilaren barruan egunik okerrenak 10etik 20ra bitartekoak eta, orduari dagokionez, eguarteko 11ak aldera %11 kasutan eta arratsaldeko 6ak aldera %14tan.
Gurasoen kultura mailari dagokionez, ez dago tarte handirik, lehen mailako ikasketak dituztenen artean %26 kasutan eta maila unibertsitariokoen artean %21etan.
Istripu hauen prebentzioa berriz oso zaila ikusten da inkestatuen artean, zeren %70 kasutan istripuaren kausa objektuaren erabilera txarra bada ere, inkestatuen erdientzat arriskua objektuan bertan dago.
Harrigarria bada ere, gurasoak ez dira gehiegi kezkatzen arazo honen aurrean. Adibidez, pertsona helduen %12 bakarrik jabetzen da umeek etxean izan ditzaketen arriskuez. Honetan, hala ere, emakumeak gizasemeak baino askoz sentsibleagoak dira.
Bestalde, kontuan izaten badugu seme-alabek, aitarekin daudenean, istripu gehiago izaten dutela amarekin daudenean baino (7 aldiz gehiago hain zuzen ere) badirudi emakumeak eta gizasemeak etxean jarrera ezberdina dutela.