HABENET hasiera
  IKASLEAREN GUNEA HIZTEGIAK ARAU ETA AZALPENAK INFORMAZIOA 

Murgilduz

1. ikasgaia

2. ikasgaia

3. ikasgaia

4. ikasgaia

5. ikasgaia

6. ikasgaia

7. ikasgaia

8. ikasgaia

—Oporretarako tokia aukeratzen

—Iragarkiak osatu

—Informazio gehiago

—Kanpin denda saltzeko iragarkia

—Algerian zehar

—Bertsoak irakurri/entzun eta ibilbidea osatu

—Deklinabidea: non, noiz, nola, norengan, norengana, norengandik...

—Ariketak

—Txisteak

—Oporretan

—Oporretako pasadizoak

—Lekuzko kasu bereziak

—A multzoa: gezien bidez elkarlotu

—B multzoa: gezien bidez elkarlotu

—C multzoa: gezien bidez elkarlotu

9. ikasgaia

10. ikasgaia

11. ikasgaia

 

 

Murgilduz > 8. ikasgaia > Oporretarako tokia aukeratzen > Informazio gehiago

 

Informazio gehiago

Bidaia aukeratzeko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hauetako bakoitzean: Laponia, Ordesa, Costa Brava, Grezia.

 

Laponia

 

Laponia estaturik gabeko nazioa da, Noruega, Finlandia, Suedia eta Sobiet Batasunean sakabanaturik. Han bizi dira Europako azken nomadak.

Laponiarrak moztakak dira, aurpegi luzexka eta masaila atereak. Azal argia dute eta begiak ilunak. Beren ilea latza da eta umetan oso horia izaten da, gerora iluntzen bazaie ere.

Jantzi, Suediarrak eta Noruegarrak Erdi Aroan janzten ziren bezala janzten dira eta tresneria ere ordukoaren antzekoa dute. Gizartea aitaren inguruan dago eratua: familia bereko kide guztiek elkarrekin egiten dute lan, zaharrenaren agindupean. Laponiarrak kristautuak izan baziren ere, beren erlijio zaharreko tradizio eta sineskeria asko mantentzen dute oraindik, naturaren kultuan oinarrituak batez ere.

Laponiarrak "zirkulu artiko"tik gora bizi dira batez ere. Lau estatutan banatuta daudenez, era ezberdinetan banatu dute beren bizimodua. Suedian basetxetan bizi dira, bertako gobernuak horretara behartu dituelako. Noruegan eta Finlandian, berriz, batetik bestera ibili ohi dira errenoentzat bazka bila. Badira arrantzatik bizi direnak ere.

Laponiara joan nahi izanez gero, urtarorik egokiena uda da, eguzkia egunaren eta gauaren jabe egiten denean, alegia. Ia hiru hilabete luze irauten du iluntzerik gabeko egunak eta tenperatura bederatzi graduraino heldu ohi da.

Urtaro honetan, laponiarrak, nomadak direnez gero, batetik bestera ibiltzen dira eta Iparraldera joan ohi dira beren abereentzat freskura eta belar eta liken hezeen bila. Familiak banatu egiten dira udan. Gizonak abelzaintzan aritzen dira mendian eta, emakume eta haurrak, bide-bazterretan geratzen dira oihal-txaboletan.

Oihalezko denda hauek Ipar Ameriketako indioek dituztenen antzekoak dira. Zortzi-hamar haga luze goialdean elkarrekin lotuak zabalduz, behealdean, kono itxurako egitura lortzen da.

Gainetik oihal berde bat jartzen diote. Oihal-txabolaren barruan, erdi-erdian sua egiten dute eta hantxe bizi dira bertan janaria prestatuz.

Esan bezala, emakumeak eta haurrak geratu ohi dira oihal-txabola hauetan, gizonezkoak noiz etorriko zain. Izan ere, erreno-taldeak 3.000tik 5.000ra bitarteko burukoak izaten dira eta gizonezko eta gazte jende guztia behar izaten da horrelako taldeak batetik bestera mugiarazteko.

Bitartean, emakumeak ahalegintzen dira lurralde haietara heltzen diren turista urriei bitxiak saltzen. Negu luzean eskuz egindako bitxiak, hain zuzen ere: neurri guztietako erreno-adar eta larruak; adarrez eta larruz egindako edota landutako hainbat tresna, erreminta eta bitxi; gizon eta emakumezkoentzako fieltrozko kapela ikusgarriak; tabakoa, kafea eta txanponak gordetzeko larruzko zorrotxoak, urki-azalezko kutxatxoak eta negurako oinetakoak, disekatutako hartza, otso eta beste zenbait animalia.

Laponiarrek ez diote beren buruari laponiar deitzen, "sami" baizik. Bataz beste, 60.000 "sami" bizi dira Ipar Europako lurralde haietan. 30.000 Noruegan, 15.000 Suedian, 10.000 Finlandian eta 5.000 Sobiet Batasunean. Eskandinabiara heldu zen lehen arraza da. Ezagutzen diren lehen giza-aztarrenak orain dela 10.000 urtekoak dira.

Hizkuntza batu gabe daukate. Finlandia, Hungria, Estonia eta Letoniako hizkuntzen kideko bada ere, bere nortasunaren jabe da "samiera" hizkuntza.

Oso literatura urria dute, eta duten apurra XVIII. mendeko eliz liburuak dira gehienbat.

Oraintsu arte debekatua izan dute beren hizkuntzan hitz egitea, baina azken bolada honetan gauzak aldatu egin dira. Badira eskolak laponieraz eta irrati bat ere badute Finlandiako Gobernuaren laguntzaz, garestiegi delako aitzakiaz itxiko ote den zurrumurrua bada ere.

Bertara bisitan joan nahi izanez gero, tokirik turistikoenak honako hauek dira:

Rovaniemi, Inari lakua, Pallastunturi mendikatea eta Alpe Eskandinabiarrak, Kilpisjárvi lakua bertan dagoelarik.

 


 

Ordesa

 

Ordesako Parke Nazionalera joateko abiapuntua Torla herrixka izango dugu. Hara joateko, kotxez bagoaz, Jakako bidea hartuko dugu, ondoren Sabiñanigo eta Biescas. Hemen Formigaleko kaminoa utzi eta, Cotefablo igo ondoren, Broto eskuinetara utziz Parke Nazionalaren sarreran, Torlan aurkituko gara. Herrixka hau Ara ibaiaren gainean aurkitzen da, karrika estu eta etxe zaharrez osatua. Lotarako lekua herrian bertan aurki dezakegu. Bestela, berriz, herritik atera eta kilometro batera, hotela eta kanpin bat daude.

Ordesako Haranetik Goriz-ko aterpera

Ordesako jatetxetik abiatuz, bidexka batek goraka eramaten gaitu, leun-leun hasieran, malda bizian gero, harik eta ur-jauziak gainditu arte. Urjauzi ikusgarri hauek (Cascada del Abanico, de la Cueva eta del Estrecho), begiak gozatzeaz gain hauspoa baretzeko beta ere emango digute. Horrela, 3 ordu eta 30 minututan ibili ondoren Arazes-en gaude eta berehala Soasoko gradetan, 3 ordu 50 minututan. Hemen ura jauzika jaisten da harmailaz-harmaila eskailera batean bezala. Soasoko Zirkora eta Zaldi Isats-era heltzerako 4 ordu 25 minutu eman ditugu.

Eskuinera harkaitz bizi bat gainditu beharrean aurkitzen gara, baina bertan ezarririk dauden burdin-ziri eta kateek lagunduko digute. Bestela, ordu erdiko bira luze bat eman beharko dugu. Eta egun bateko saiorako nahikoa izango dugu Goriz-ko aterpera iristea, bertara heltzeko 5 ordu 40 minutu beharko baititugu.

Ibilbide hau oso atsegina da eta Ordesako Parke Nazionala, Pirineoko miragarria, ezagutzeko egokia. 15 km. ditu luzean eta 3 km. bere alde zabalenean. Natura biziaren ikuskari paregabea.

Alabaina, Ordesako Harana ondo ezagutzeko, ez da nahikoa behe aldetik zeharkatzea. Bidezidor gutxi batzuek zirkoetan gora eramaten gaituzte, azken zatiak klabijen bidez gaindituz. Harana itxituran hartzen duten mendi harresitzarrek erdi parean Faja izeneko erlaitzak dituzte eta bertan bidezidor batzuk. Luzeena Faja de Palay deitua da eta ezkerraldeko ibai-ertzari jarraitzen dio. Handik primeran ikusten dira aurrez aurreko harkaitzen bihurguneak, horma eta dorreak, basoak, ur-jauziak eta mendi-muturrak. Delako Fajara joateko Torlatik datorren oinezko bideari jarraitzea besterik ez dago; edota, Ehiztarien bidexkatik gora hartu behar da. Beherakoan, berriz, Soaso-ko zirkoan ezkerreko bidea hartzea aski dugu.

"Perdido" mendira

Gorizko aterpetik abiatuz harri tontorrek markatzen diguten bideari gorantz ekingo diogu. Ordu beteko bidea egin ondoren, bidezidorra harkaitz artean zeharka-meharka laburrean igotzen da. Laku txiki izoztura 2 ordu 15 minututan. Lakua zeharkatu eta harri librezko malda latz eta neketsu bat irristadan, zirri-zarra, gainditu ondoren, gailurrean gaude (3.355 m.) 3 ordutan guztira.

Perdido mendia, lehen mailako gailurra, Pirineo-Kateako laugarrena da. Sum de Ramond (3.254 m.), Añisklo-ko Gailurra eta Marboreko zilindroarekin batera (3.328 m.) "Tres Sorores" deitzen den katea gorena osatzen du.

Esan gabe doa hango ikusmira zoratzekoa dela.

Indarrean egonez gero, Goriz-era zuzenean jaitsi ordez, Laku izoztuaren parean eskuinera hartu eta Perdido Mendiaren glaziarraren horma zeharkatuz, Marboreko Laku izoztuan izango gara 2 ordutan. Laku honetatik eta kilometro askotara mendikatearen gailur zakarren harkaitz eta elur kolore aniztuna begien aurrean izango dugu. Lakuko urak Pinetako balkoian behera jausten dira, mila metroan salto harrigarriak eginez.

Ostera laku txikira jo beharko dugu Gorizko aterpera itzultzeko. Aterpe honetatik irteera ugari egin daitezke.

Goriz-tik Ordesara

"Brecha de Rolando"-ko bidea hartu behar da. Bidean utziko ditugu "Llano y Cuello de Millaris" eta "Cuello del Desgarrador". Casteret kobazulora iristeko 2 ordu 45 minutu. Koba interesgarria, oso handia, izotzez estalitako galeria, paraje eder eta barne glaziarrarekin.

Oraindik mendi gehiago pasatzeko gogoa izan, eta Goriz-eko Aterpera itzultzen zara, handik beste irteera batzuk egiteko. Guk orain artekoarekin nahikoa dugu bai, eta zuzenean Ordesako Etxeetara jaitsiko gara Salarons-eko Zirkotik barrena, 4 ordu 30 minutu. Handik Torlara itzultzeko, etorritako bidea hartu besterik ez dago.

 


 

Costa Brava

 

Itsasertz honek "Costa Brava" izena ondo merezia du, oso kostalde bizia baita. Harritzar handiak, hemen zartatuak eta ebakiduraz josiak, han uraren higaduraz gastatuak, harea finezko hondartzak sortuz, edo harea lakarrezko kala paregabeak. Arrokak itsasoan barneratzen dira alditan, bestetan atzera jotzen dute golkoak eratuz. Paraje isolatuak, amildegi edo kobazuloen artean, txalupaz bakarrik bisita daitezkeenak, eta jendea erruz joaten deneko kala eta hondartzak.

Harkaitz zakarrak baditu ere, hango klima epela eta gozoa da, zeru urdina nagusi,itsasoko ura ia urte osoan epel mantentzen da, beti garbi eta garden eta itsas landareen kolore biziak nonahi bisita daitezke.

Hotelak ugariak eta era askotakoak, apartamentuak ere ez dira falta, camping garesti samarrak, baina dotore eta erosoak.

Guzti hauengatik "Costa Brava" da mundu guztiko turistek biziki maite duten kostaldea.

Kostalde honen hiru zatiren deskribapen laburra egiten dizugu ondoren, orientabide gisa, egokiena aukera dezazun edota denbora eta egokiera izanez gero, hirurak bisita ditzazun. Kostaldearekin batera barrualdera (eguraldi lainotsuetan edo...) egin daitezkeen ibilaldiak proposatzen dira, horrela "Costa Brava"ren ikuspegi zabalagoa izan dezazun.

1. Blanes. Lloret de Mar

Hegoaldetik abiatuz, Blanesen hasten da Costa Brava. Hondartzaren erdian harkaitzar handi bakartiak Kataluniako kostalde sonatuaren hasiera aldarrikatzen du.

Lloret de Mar, gaur egun turistentzako zentro inportantea da. Gau-txorientzat aparteko lekua. Kasinoa ere badu.

Kostaldetik urrunduz gero, mendialdera jotzeko aukera dugu. Kataluniako lehen turistek hiru hilabeteko egonaldiak ematen zituzten paraje horietan, itsasertzetako turismoa sortu aurretik.

Lehenengo herria Hostalrich dugu, harresiz inguratutako herria. Montseny mendiaren erdi-erdian Arbucias herri xarmanta. Hotel ugari bertan, baso eta zuhaitzez inguratuak. Hango espezialitatea, gozokiak. Handik hamabi kilometrora San Hilario, Girona probintziako turismo zentzurik garrantzizkoena izan da urtetan, Girona hegoaldeko klimarik freskoena baitu eta iturri ugari eta osasungarriak. Egurlan bikainak aurki daitezke herrian.

Hurrengo etapa Santa Coloma izango dugu. Merezi du geldialditxo bat egitea bi arrazoirengatik: Orion Thermak ikusteko eta hango opilak probatzeko.

Eta kostara itzuli baino lehen, tripa-zorria kentzeko jatetxe onak dituzu Vidreras-en.

2. Tossa de Mar, San Feliu...

Tossa, jatorriz erromatarren aurretikoa, XII. mendeko harresiz inguratua. Gaurko hirigintzak elementu berri batzuk ezarri dizkio, baina lehengoko harmoniarekin hautsi gabe.

Tossa eta San Feliu arteko bidea, 22 kilometro, eta urteak egun hainbat kurba. Bide zail eta neketsu honek badu bere alderdi ona. Hain zuzen, paisaia zoragarriak aho gozatzeko parada eskaintzen du. Argazkizale edo naturazale bazara, bide estu hartan autoa uzteko txokoren baten bila joango zara, toki hauen ederra astiroago zeureganatzeko.

Ondoren, "Costa Brava"ko alderdirik populatuena dator, dinamikoena eta animatuena. Tossa, adibidez, oso toki bizia da, baina, San Feliu eta Palamos-en arteko herriekin konparatuz, lasaia dirudi.

Herri hauetako bakoitzak bere berezitasun propioa du. Horrela, San Feliu jaurerria da, oso ondo urbanizatua, Itsas-ibilbidearekin, lorategiz hornitua, eta badu antzinako monasterioa, gaur parroki bihurtua, bisitatxo bat merezi duena.

S'Agaro Espainiak Mediterraneoan duen erresidentzi leku handien eta txukunenetakoa dugu.

Berriro Palamoserako bidea hartuz, Platja d'Aro-ra heltzen gara. Ezerezetik sortua, hamar urtetan. Kaliforniako fenomenoa, urrezaleen uholdea kasu honetan turisten uholde bihurtu delarik.

Bost kilometroko bidea dugu Palamosera, baina trafiko beldurgarria. Zentro komertziala da (kale nagusia batez ere) eta turistikoa. Itsas-ibilbide luzetik ederki bisitatzen dira hondartza eta arrantzaleen portu animatua,

Barrualdeko herrietatik La Bisbal izango da sonatuenetakoa, hango buztin-ontziengatik. Hain zuzen buztingintza oso antzinakoa da herri horretan; bi mila urte ba omen. Mila buztin-denda ezker-eskuin. Inor gutxik alde egiten du zerbait erosteke.

Peratallada, herri harresitua.

Pals-en "El Prado" deritzan Erdi Aroko multzo bikaina dago.

Berriro Tossa-ra itzultzekotan, hobe da itsasertzeko bidea utzi eta Llagosteratik jotzea.

3. Rosas, Cadaques...

Rosas. Anpurias baino lehenagoko greziarren kolonia omen da Rosas-en jatorria. Bestalde, gerrako portu bezala garrantzizkoa izana mendeetan zehar. Gaur egun lehen mailako gune turistikoa dugu.

Cadaques, bere etxe zuri-zuriekin, atzean dituen mendietako harri ilunarekin kontrastean, marinelen babes egokia izan da eta da. Mende honen hasiera arte itsasoz bakarrik zituen komunikabideak. Gaur egun itsaso eta lurraren paisaia orekatuan lasaitasunean eta patxadan gozatzeko leku egokia da.

Llança. Hau ere herri arrantzalea. Hauek beren lanak burutu ondoren barrualdeko herrian bilatzen zuten piratengandik babesteko lekua. Inguru honetako kostaldea ez da hain ebaki eta zartatua. Turista frantsesak dira hemen ugarien.

Pereladan gaztelua dugu ikusgai. Gaur egun nekazal lanen ikerketarako erabiltzen da.

Figueres, gerrate zibilean desegina, ozta-ozta berregiten joan zen 1950ean turisten uholdeak berebiziko bultzada eman zion arte, gaur egun, sukaldaritza eta salerosketa leku garrantzitsua dugu. Ikustekoa da Daliren museoa.

Gure bidea bukatzeko Castello de Ampurias dugu. Artezaleei katedral gotikoa ikusteko parada eskaintzen die. Gironako 2. katedrala. Honela osatzen da Ampurdan inguruko jira.

 


 

Grezia

 

Greziaz pentsatu edo hitz egiterakoan, Grezia klasikoa datorkigu gogora; Platon, Aristoteles, Zeus, Olinpia, Delfos eta Partenon, Termopilak..., orduko pentsalariak, eta gaur egun zutik eta bertan irauten duten monumentuak. Eta sarritan ez ditugu aintzakotzat hartzen gaurko Grezia eta greziarrak.

Grezia bisitatzeko asmoa duenak kontuan izan behar du hiru mundu desberdin aurki ditzakeela: Athenas metropolia. Grezia kontinentala, mediterraneoko klima izan arren, bere aparteko berezitasunak dituena. Irlek osatzen duten Grezia, apartekoa eta distiratsua.

Greziara joanez gero, hiru alderdiok ezagutzea komeni da azaletik bederen, bakoitzaren xarma berezia dastatuz. Hona hemen ibilbide batzuk:

a) Athenas, Likabitos mendi berdearen eta Akropoliaren hegalean dagoen hiri honek, metropoli moderno baten airea du; bere barruan museo izugarria eduki arren, hiri bizia eta alaia dugu, eta hango kaleetan ibiltzea atsegina gertatzen da. Dudarik gabe Akropolia izango da ikusgarririk erakargarrienetakoa, mizeniarren antzinako garaian harresiz inguratua izan ondoren, mendeetan zehar arte-lan paregabeez hornitzen joan da: Partenon, Erekteion-eko kariatideen atari alaia, Hafaistos-en tenplua Areopagoan.. Antzinako Athena ezagutzeko aukera ere izango duzu museoetan: Athenasko Museo Nazionala, Museo Bizantinoa, Benaki museoa...

Gaurko Athenas biziak ere eskaintzen dizkigu une atseginak igarotzeko aukerak. Gau epel horietako batean "Plaka" auzuneko jatetxe txiki eta tipikoan afal dezakegu. Agian gusturago hartuko dugu "ozuo" kopatxo bat, edo greziar kafe bat, edari nazionala, Sintagma Plazako "Kafenios"en batean. Edota, zergatik ez, Zea eta Mikrolimanora jo dezakegu, Mediterraneoko portu handienetik gertu egon arren, bere aparteko kutsua gordetzen baitute, taberna eta jatetxeetan itsasora begira dauden terraza eta guzti.

b) Grezia kontinentala. Grezia klasikoa bisitatzeko ibilbide hauxe proposatzen dizugu: Atenas-etik atera, Ipar mendebalderantz jo, Parnaso mendiaren oinetan dagoen paisaia ikaragarria gurutzatuz, Tebas pasa ondoren, Delfos-era heltzeko. Delfos Apolo Jainkoaren Egoitza izan zen eta bere Orakuluarentzat aukeratutako lekua. Hango Zentro Arkeologikoa bisitatzeko parada.

Delfos-etik Nafpatkos-era eta hemendik Patras-eko itsasmuturra gurutzatuz Peloponesoko penintsularaino. Olinpiara iristerakoan, hango Museoa eta aurreneko Joko Olinpikoak ospatu zireneko Estadioa bisita daitezke.

Hurrena, Tripolira jo dezakegu Peloponesoko paisaia ederretan zehar, Nauplia edo Tolon-en geldiune bat eginik, Epidauros-en antzoki ospetsua, Jesukristo baino II mende aurrekoa, bisitatuz.

Aurrera joko du bidaiak eta oraingoan Mykenas-erantz, zibilizazio Myzenikoaren zentro izana bere garaian. Lehoien atea eta Agamenonen Hilobia ikustekoak dira. Hurrengo geldiunetxoa Korintoko kanalean egin dezakegu, Egeo eta Joniko itsasoen elkargunean, handik berriro abiapuntura, Athenas-era iristeko.

c) Greziako irlak. Ugariak dira Greziako irlak.

Mykonos: Paradisuko irla. Askok hirurogeiko hamarkadako Ibizarekin konparatzen dute. Europan "Capri beltza" bezala ezagutua. Mykonos Athenas-etik hirurogei milia hego ekialdera aurkitzen da Egeo itsasoan. Irla osoan bi herrixka bakarrik daude: Mykonos eta Ano Mera. Mykonosen ez dago hotel handirik. Gehientsuenak familiarrak dira, txikiak eta txukunak. Hori bai, dozenaka taberna aurki ditzakezu, bertakoekin batera Egeo-ko arrainak probatu nahi badituzu.

Hondartzak, harea eta ur garbikoak, ugariak eta era askotakoak dira, luzeak batzuk, kala txikiak besteak, jende gehiago haietan, gutxiago hauetan.

Gaueko giroa ere paregabea da.

Rodas: Rodas-en sartzeak sorginen munduan sartzea dirudi: artzain-herriak, antzinako hormatzarrak, Erdi Aroko eraikuntzak. Alabaina, bere nortasunaren izpirik galdu gabe, gaur eguneko eskakizunei erantzuten jakin du. Hirurogeita hamar kilometroko kostaldea du. Hiriburuak bi zati berezi ditu: hiri zaharra Erdi Aroko itxituran eraikia, eta harresiez kanpora dagoen hiri modernoa. Historiako aztarna ugari aurkitzen da irla honetan: Apoloren tenpluko hormatzarrak, Estadioa... Baina ez dira falta hotelak, jatetxeak, diskotekak, jolas lekuak, kasinoa...

Kreta: Greziako irlarik handien eta hegoaldekoen honek paisaia zoragarriak eskaintzen dizkio bisitariari. Mendi gorenak zintzur ikaragarriekin, lautada oparoak eta urrezko hareadun hondartzak. Iparraldeko kostaldean turistentzako instalazio modernoak; barrualdean berriz, Kretan bizi izan diren zibilizazioen aztarnak han-hemenka ikus daitezke.

Jakin beharreko datuak

* Dokumentazioa: pasaportea edo N.A.N.

* Hizkuntza: grekoa da hizkuntza ofiziala. Hoteletan ingelesa, frantsesa edo alemanera dakienik aurkituko duzu. Nahikoa lan gazteleraz hitz egingo dizunik aurkitzen. Izango duzu agian, euskaldun batekin topo egiteko zoria.

* Dirua: diru-unitatea drakma da, 100 lepta ditu drakma batek eta 1,10 pezeta inguru balio du.

* Klima: mediterraneokoa, udan bero, euri gutxi, lainoak eskas eta eguzkia.

* Ordua: Euskadin baino ordubete aurreratuago.

* Erosketak: urrezko bitxiak eta antzinako gauzen imitazioak (estatua txikiak, suilak...) buztinezko eta kobrezko eskulanak, larrukiak, alkandora greziarrak... Erosketak egiteko toki aproposak: "Plaka" auzoa eta "Arkakusoen Azoka".

 

 

<< Aurrekoa     Hurrengoa >>