Murgilduz
> 7. ikasgaia
> Edaritegiak ez zeuden krisian nonbait
>
Datuak pasa testutik taulara
Datuak pasa testutik taulara
Edaritegiak ez zeuden krisian nonbait
1982 eta 1983 urteetan laurogeita hamasei edaritegi zabaldu ziren Gasteizen, beste laurogeita lau Donostian eta hirurogei Iruñean. Bilbon, bestalde, ehun eta hamahiru pertsonako edaritegi bat zegoen. Krisiak egarria ekarri ote zuen?
Gasteizko kasua nahiko bitxia zen. 1982 eta 1983 urteetan laurogeita hamasei edaritegi zabaldu ziren. Horietako hogeita bat maila berezikoak ziren, hau da "Pub", "Whiskeria" eta horrelakoak. Horiek izaten dira garestienak.
Maila bereziko edaritegi gehienak Gasteizko Hiribidean ireki ziren, eta beste mailetako gehienak Parte Zaharrean. Hiri honek lehen bezala jarraitzen zuen: lehendik ere bi inguru horietan zeuden edaritegi gehienak, ehun eta hamabost Parte Zaharrean eta Gasteizko Hiribidean berrogei.
1983an denetara zortziehun eta hamabost edaritegi zituen Gasteizek. Horien artean, laurogei eta hemezortzi maila berezikoak. 192.773 biztanle ziren eta, beraz, berrehun eta hogeita hamasei pertsonako edaritegi bat zuten. Ez zen gutxi ez, baina bazen portzentaia handiagorik.
Iruñean pixkanaka ugaritzen ari ziren
Iruñeak askoz edaritegi gutxiago zituen. 183.126 biztanlerentzat laurehun eta hirurogei bakarrik zituen. Beraz, hirurehun eta laurogei eta hemezortzi biztanleko edaritegi bat zegoen. Maila berezikoak, ia Gasteizkoen erdiak ziren, berrogeita hamarren bat gutxi gora behera.
Denetara hirurogei edaritegi zabaldu ziren bi urte horietan, eta horietako seiren bat maila berezikoak.
Bilbo zen edaritegien paradisua. Guztiz josita zegoen. Denetara hiru mila eta zortziehunen bat izango ziren. Ehun eta hamahiru biztanleko edaritegi bat zuten. Zenbaki harrigarria zen benetan, baina Iturribideko aldapa ikusi ondoren sinesteko modukoa.
Bestelako daturik jasotzerik ez genuen izan. Uholdeak zirela eta, iturri ofizialak nahiko lanpetuta zebiltzalako. Parte Zaharrean, bestalde, taberna batzuek itxi egin behar izan zuten, kalteak handiak izan ziren eta.
Donostiako kasua eta Gasteizkoa berdintsuak ziren. Bi urte horietan laurogeita zortzi edaritegi berri ireki ziren, eta horietako hogeita lau maila berezikoak izan ziren.
Esate baterako, bederatzi edaritegi berezi "Tontodromo"an jarri zituzten. Ezin izan ditugu datu globalak eskuratu, baina segur aski taberna/biztanle proportzioa handia izango zen.
Orduan krisi ekonomikoa ez zen batere nabari sektore honetan. Lantegiak itxi egiten ziren; tabernak, ordea, zabaldu. Jendea lanik gabe baitzegoen eta, denbora-pasa edo, tabernetara jotzen zuen.
HABE aldizkaria, 30. zenb., 13 or.
Aurreko testuan ematen diren datuak pasa itzazu taula hontara.