Testua irakurri eta hiztegia eta egiturak landu
Testua irakurri ahala beltzez markaturik dauden hitzetan klik egin eta hitz horri buruzko argibideak eta lanketa proposatuko zaizu.
Zuzenean Telstar eta telebista mundutarra
Lehendabizi irudi nahastu eta ilun batzuk agertu ziren pantaila txikian; gero kamara hobeki zuzendu zuten: begi zulo handiak eta nekatu itxurako gizon batzuk ikusten ziren: batzuk ohexkatan zeramatzaten. Han inguruan zeudenen aurpegiak harridura handiz beterik ikusten ziren. Baina une haietan pantailara begira zeudenak ere berdintsu aurkitzen ziren: Legende meazuloan lurperaturik gelditu ziren hamabi langileen askatzea ematen ari ziren zuzenean; oso tresna gutxiz, O.R.T.F.-ko (telebista frantsesa) ekipo ibiltari batek Europa osora han zabaldu zuen une haietan meazulo hartan gertatzen zena. Milaka gizon, gertakari baten aurrean, denak elkarturik agertzen ziren, telebistaren lan harrigarriari esker.
Norbaitek galde dezake, ea telebista-emisorek nola bidaltzen dituzten zuzenean hain zabalera handiko erreportajeak, bi kontinentetara ere iristeko gauza direnak. Honelako bidalketarik egiteak baditu, noski, bere problemak; denok dakigu Atlantikon zehar ezin muntatzen ahal dela zutiko errepikari katearik; bestalde, telebistak bidaltzen dituen uhinak zuzen-zuzen joan ohi dira, eta ezin dituzte bideko oztopoak gainditu; konponbidea, beraz, satelite artifizialak dira.
Honela, 1962ko uztailaren l0ean, Telstar izeneko satelite bat ipini zuten lurraren jirabiran; gau horretan bertan, telebista saio batek lehenbiziko aldiz itsas zabala alderik alde igaro zuen; irudiak Andover Ipar Amerika-ko estazio batetik bidali ziren eta Pleumeur-Bodou Frantziako estazio antenara iritsi. Hurrengo egunean, Goonhilly Downs Ingalaterrako estazioak era berean hartu zituen Amerika-ko irudiak. Munduko telebista sorturik zegoen.
Telstar eta beste sateliteek beste dorre bidaltzaileen eginkizun berbera betetzen dute; baina hauek baino zabalkunde askoz ere handiagoa dute, eta hauen uhinak ez dira besteekin nahasten, gure planetaren barruan maiz gertatzen den bezala. Eguzki-baterien bidez lan eginez, Telstar hau lurraren inguruan jirabiraka hasi zen, mila kilometroz goitiko garaieran. Hasera batean, lurreko antena ibiltari batekin itsatsia zegoen, eta lurreko emisoratik bidalitako irudien hargailu besterik ez zen; sateliteak irudi hauek bultzada elektriko bihurtzen zituen 2.628 zelula fotoelektrikoren bidez eta, gero, lurreko irudiak hertz-uhin bihurtzen zituen; ondoren, lurrera bidaltzen zituen uhin hauek; hemen, anplifikagailu batzuen bidez, uhin ahul hauek hartu eta, telebisten kanaletara itzultzen ziren. Hau guzti hau segundo batzuetan gertatzen zen.
Honela, Telstar eta zuzeneko telebistak, komunikabideen mundua zeharo aldatu zuten; 1967ko Ekainaren 25ean, "Gure mundua" izeneko programa bat eskaini zuen Mundubistak, eta 31 erresumak zabaldu zuen saio hau 600en bat milioi ikuslerentzat.
"Zuzenean Telstar": Munduan zehar 4. alea. Komunikabideak. Altea. Ediciones vascas. Donostia, 132-133 orr.