Irakurtzeko testua
Arrantzaleen arteko
bizimodua dastatzen
(jarraipena)
(...) Arraina dagoen tokira hurbiltzean txirrina joko da eta eskua arraina dagoenera zuzenduz: "Han!" esango diote patroiari, edo "Kontuz, beste ontzi bat estiborretik" izan ere, patroia mikrofonoa eskuetan duela, arrainari begira bakarrik dago. Patroiaren "Larga!" hitzaren zain dago jende guztia une horietan, maniobrari hasiera emateko. Arrain-saldoari "burua" harrapatu behar zaio, gidaria harrapatu behar da.
Sarea ia erabat bildu denean eta arraina sarearen muturreko zakuan bilduta ur azalera ekartzen denean, sareari tiraka aritu direnak bordatik arrainari begira geratzen dira une batez. Ez da inor kalkuluak egin gabe geratuko: "10 tona, 15,...". Kalkuluak ez dira hor bukatzen, tonak bider 300 egingo dute buruz, hori baita prima gisa kobratzen dutena.
"Hemen ez dago inor kirola egitearren" maiz esaten zuten marinelek; jendea ez zen, agian, sare-botaldia ondo irten zelako pozten, harrapatu zen arrainagatik baizik. Ez zeuden kirolzaletasunez, dirua irabazteagatik baizik. Hilean 30.000 pezetako oinarria zuten; gainerakoa prima-moduan irabazi behar izaten dute. (...)
Barku barneko harremanak
Ontzian hierarkia bat dago eta zorrozki antolatua, inork ez dezake hori gaindi, etxera joan nahi ez badu.
Oso itxia iruditu zitzaidan diziplina hori, ez bainago ni horrela ohitua. (...)
Bestalde, normala iruditu zitzaidan diziplina hori egotea, batetik, arrantzako une larrietan ez litzateke gauza onik gertatuko, batek erabakiak hartuko ez balitu, bestetik, nagikeria, eta utzikeria handiak gerta daitezke, lehorretik hainbeste egun urrun dabilen ontzi batean.
Hau normala iruditzen bazitzaidan ere, lan-asmoei buruz marinelek zuten ezjakintasuna oso harritzekoa iruditzen zitzaidan, alegia, norantz gindoazen; gauez martxan joango ginen ala jitoan geratuko; handik zenbat egunetara porturatuko ginen; beste barkuak non ari ziren arrantzan,... Niri galdetzen zizkidaten gauzak, ni, beti zubian ibiltzen nintzen, enteratuta egongo nintzelakoan. Nirekiko, esplikazio bat eman nion egoera horri, agian, errazago agintzeko modua izan zitekeen. Marinelen artean, ordea, tentsioa sortzen zuela iruditu zitzaidan.
Ez da gauza bat ahaztu behar, barkuko agintaria Bermeon dagoela, handik milaka kilometrora ; han jasotzen dute barkuan pasatzen ari den guztiaren informazioa eta telefonoz agintzen zer egin. (...)
Jantokian marinelek nazionalitateka banaturik zeuden; gailegoak, beltzak, euskaldunak. Ohitura hala zutelako.
Hizkuntzaren dinamika oso kuriosoa gertatu zela zioten; beltzek Wolof hizkuntzan; Euskal Herrikoek, batzuek euskaraz ez zekiten, giputzek eta bizkaitarrek ez zuten elkar ulertzen, espainieraz hitz egiten zuten. Gailegoen artean ere, pixkanaka-pixkanaka espainiera nagusitzen omen zen; zergatik?: "Begira, tentsioa geroz eta handiagoa egiten da eta ez da nahi izaten inorekin begirune berezirik izatea. Horrelako edozein txikikeria, iskanbila baten detonadore izan daiteke; horregatik hizkuntza neutro batera jotzen dugu".
Arrantzaleak, buruz, lehorrean bizi dira, nahiz eta hilabeteak egin itsasoan. (...)
Ez dut bat bakarra ere topatu, bizitoki gisa barkua gustatzen zaionik; denek lehorrera joan nahi dute, eta ahal izanez gero, gehiago ez itzuli itsasora, edo ez behintzat, Afrikara.
Lehorra, ordea, urruti dago eta hango berriak hilabeteko atzerapenarekin iristen dira. Harreman-modu normala eskutitzezkoa da. Eskutitz guztiak Bermeoko bulegora heltzen dira eta hara doan batekin eskuz bidaltzen Afrikara. Afrikako kosta eta barkuen arteko lotura barku txiki batzuek egiten dute, jendea eta mandatuak egiteko daude, ez beste ezertarako.
Era honetako barkua zetorrela jakin eta motorrak geratzen genituenean, marinel guztiak kubiertara irteten ziren, ginen. Barrenak zirri egiten zuen une haietan. Burdinazko barkuak ziren, baina haragizko bihotza zeramaten barnean.
Heltzen ziren eskutitzak ez ziren inoiz jende aurrean irakurtzen, nor bere kamarotean sartuta baizik, bakardadean, lasai etzanda. Ezagutu nuen kasetez komunikatzen zenaren kasua; dirudienez, analfabetoa zen. Barkuko beste analfabeto batek, bere lagunari diktatzen zion etxera bidaltzeko karta.
AIZPURUA, M.: "Arrantzaleen arteko bizimodua dastatzen",
ELHUYAR 1. zenb., 49 or.