Murgilduz
> 2. ikasgaia
> "Markesaren alaba"
>
Ahotsa jarri
"Markesaren alaba" antzerki-zatiari ahotsa jarri
Markesaren alabaren istorioa sonatua izan zen garai batean. Haren oroitzapena Iturrinok 21 bertsotan jaso zuen eta Jon Etxaidek antzerki-lan bat eskaini zion. Antzerki horren zati bat ekarri dugu hona, antzerkiaren azkeneko zatia. Antzerki-zati hori irakurtzera gonbidatzen zaitugu. Honela egingo duzu:
Zuk antzerkiko pertsonai baten papera hartuko duzu. Paulo izango zara.
Antzerki-zatia grabaturik duzu eta entzun dezakezu beheko kontrolak erabiliz. Baina zure pertsonaiaren hitzak ez dituzu entzungo. Zuk zeuk hitz egin behar baituzu, zure txanda tokatzean. Horretarako graba ezazu ordenagailutik datorren beste pertsonaien ahotsa eta zeurea.
Grabaketa bukatzean, entzun osorik eta alderatu zure esateko era eta ahoskera beste esatariekin.
ZORTZIGARREN JARDUNALDIA
Lehengoak eta Peru Jauna
PERU JAUNA. Arratsalde on dagizuela Jainkoak.
HIRURAK. (Kopetilun, bekozko ilunez). Baita zuri ere.
PERU JAUNA. (Paulo-ri, amultsuki baina serioski). Madrilen izan omen zara, Paulo, aditzea dudanez.
PAULO. Bai, eta oraintxe iritsi naiz hango zereginak amaituta.
PERU JAUNA. Joan-etorria eta hango egonaldia ongi?
PAULO. Oso ederki, Jainkoari esker.
PERU JAUNA. Asko pozten naiz.
PAULO. (Berekiko) Ez hintzateke askorik poztuko zertan ibili naizen baheki. (Peru-ri). Zerbait nahi al zenuke?
PERU JAUNA. Hain zuzen ere, zuekin egon beharra neukan galderatxo bat egiteko.
PAULO. Zerorrek esango duzu.
PERU JAUNA. Arestian Agata-rekin topo egin dut kalean, eta gaixoak bihotza erdibiturik, leherturik zeukan. Esan didanez, hilabete honetan ez omen du Joxe Migelen kartarik hartu.
A. KATTALIN. Hartu ez duela? Zerbait gertatu ote zaio, bada?
PERU JAUNA. Hori nahi nuke jakin.
PAULO. Badakizu, ni, hilabete honetan Madrilen egona naizela, eta ezertxo ere ez dakit. Dena dela, oraintxe egonen naiz Agatarekin, eta neronek galdetuko diot zer gertatzen zaion.
A. KATTALIN. Benetan harritzen nau zuk diozunak, Pello, niri ez baitit zipitzik ere aipatu. Agatak, kezkatua egon balitz kartak iristen ez zaizkiolako, niri esango zidan, zuregana jo gabe. Zuk badakizu, gainera, eskutitzak iritsi hainbat galtzen direla. Beraz, zergatik arduratu hilabete batean kartarik hartu ez duelako? Dena den, iruditzen zait gure zereginetan muturra gehiegixko sartzen ari zarela, eta estimatuko nizuke gehiago nahaspilatuko ez bazina guri dagozkigunetan.
PERU JAUNA. Barka(tu), arreba, baina nik ez dut zuenetan muturrik sartu inork deitu gabe. Zuen alabaren eskabidez etorri izan naiz beti esan beharrak esatera. Ez dizuet orain arte ezertxo ere eskatu niretzat, zuen alabarentzat baizik, eta, Agata maite baldin baduzue,aintzakotzat hartu behar dituzue haren eskabideak.
A. KATTALIN. Gaisoak, ordea, ez daki zer nahi duen ere. Hogei urterekin nork ez ditu izaten horrelako txoroaldiak? Nor ikusi, hura gustatu. Hori guztioi gertatu zaigu geure denboretan. Baina, maitemintzea gauza bat da eta ezkontzea beste bat. Oso besterik gainera: maitemintzea bihotzarena baita eta ezkontzea buruarena. Eta guk, buruz joka dezala nahi dugu, eta ez bihotzez. Zeren, gaur berearekin ateratzen baldin bada, bizitza guztian damutuko zaio, eta lotsaren lotsaz ez du jakingo bere burua non gorde.
PERU JAUNA. Katuak buztana luze, berak bezala besteak uste.
PAULO. Nik ez dakit esaera zaharretan hitz egiten, baina bai jaun prestu bati dagokionez, eta aitortzen dizut, Agatak nahi duen ezkontza ez dela gure gogokoa, konpreni dezakezunez, zeren, geure giza mailari eta kaparetasunari makurgarri baitzaio. Baina, gauza guztien gainetik geure alaba dugu eta bere zoriona besterik ez dugu nahi, eta guretzat latz eta garratz izan arren, badakizu etsipeneratuak gaituzula auzi honetan. Guk jarri genuen baldintza bakarra, mutila Salamancara joan zedila izan zen, Agatari dagokion moduko hezkuntza har zezan. Denok konformatu zineten, eta horretan gaude. Geuk geure hitza bete dugu, eta orain badirudi, karta batzuk direla-eta, guri kontuak eskatu nahian zatozela.
PERU JAUNA. Ni ez naiz kontuak eskatzera etorri, gertatzen denaren berri jakitera baizik. Ez dut salatzen, galdetzen baizik, eta neure galdera hauxe da: bidean gelditzen diren gutun horiekin zuek ba al duzue zer ikusirik? Bai, ala ez!
A. KATTALIN. Baina, nola egin daiteke horrelako galdera? Nortzat hartzen gaituzu zuk? Jakin ezazu jende prestua eta ohorekoa garela.
PERU JAUNA. Bai ala ez!
PAULO. Nola ausartzen zara horrelako galdera lotsagabea egiten? Jakin ezazu, bada, zure galderak ez duela erantzunik merezi.
PERU JAUNA. Neure galdera ez da lotsagabea. Uste izatekoa da, auzi honetan errugabeak zaretela, eta, horrela baldin bada, hain zaila ote da ezetz esaten? Zuen hitzean sinesten dut. Parterik ez duzuela aitortzen ba didazue, lehen bezain adiskide geldituko gara.
PAULO. Horrela baldin bada, geure ohorea salbu gel dadin, esango dizugu, karta kontu hortaz ez dakigula deus ere.
PERU JAUNA. Esker mila; hori jakin gura nuen.
PAULO. Dena dela, karta kontu honek, zuen kezka ikusirik, ni neu ere kezkarazi nau. Beraz, gaur bertan inskribatuko diot Joxe Migel apopilo dagoen Salamancako familia on horri, eta berehalaxe jakinen dugu zer gertatzen den.
PERU JAUNA. Eskertuko dizugu horrela egiten baldin baduzu, Paulo. Hain zuzen ere, oraintxe egon naiz Antton zaharrarekin, Joxe Migel-en aitonarekin, alegia, eta ezin izan diot bilobaren albisterik eman. Herenegun Keleorekin topo egin nuen, eta familia guztian sartu den tristuraz mintzatu zitzaidan, mutilaren berririk ez dutelako. Ez da ba txantxetan hartzekoa hemen gertatzen ari dena. Ez bakarrik Agatari egindako gutunak, baizik Keleotarrei egindakoak ere bidean gelditzen dira.
A. KONTXESI. Bidean gelditzeko, ordea, irten egin behar dute, eta inork ez daki irteten direnik.
PERU JAUNA. Hainbat okerrago, orduan; mutilari zerbait gertatzen zaion seinale.
A. KATTALIN. Zerbait on(a) ala zerbait txar(ra)?
PERU JAUNA. Onik ezer ez. Zertan zirikatzen nauzu?
A. KATTALIN. Ez dizut zirikatzearren esan, Pello. Hori ere aditu behar genuen ba! Baina, ez al zaizu gauzarik naturalena iruditzen mutil gazte batek bere sasoi betean libertimenduren bat bilatzea bizimoduaren gozagarri bazter galdu haietan?
PERU JAUNA. Kattalin, nik ezagutzen dut Joxe Migel eta badakit -eta zuk ere badakizula esango nuke- ez dela kapaz horrelako urdekeria bat egiteko. Eta, Jainkoarren, ez niri txitxareak berotu.
PAULO. Tira, nahikoa dugu. (Bakeak itxuraz eginzale). Ez gaitezen haserre agurtzerakoan. (Sorbaldako "zuri" bat emanaz Peru-ri). Keleonekoei neure partez esan lasai egoteko. Nik gaur bertan eskutitza eginen dudala Salamancara, eta mutilaren albisteak laster jakinen ditugula. Agatagatik, berriz, ez larri egon; oraintxe mintzatuko gatzaizkio, eta bere arimako samintasuna gozatuko zaio. Egon bedi pittin bat eta dena zuzenduko da.
PERU JAUNA. Mila esker zure onginahi eta prestutasunagatik. Zeure zalduntasun eta zintzotasunean uste osoa daukat, eta ez zait iruditzen, inolaz ere, zuen jatorri leinargi eta goitiarra jokabide makurren batekin zikin zale izanen zaretenik.
PAULO. Hori esan! (Holakorik!) Baina, dena dela, mila esker zure ohartxoagatik, Pello.
PERU JAUNA. Adio eta izan ongi. Eta ez ahaztu oharrak gogoan edukitzeko direla. Besterik ez, gaurkoz.
ETXAIDE ITHARTE, Yon (1982): Markes baten alaba G.A.K.P. Donostia, 121-125 orr.