Irakurtzeko testua
Arrantzaleen arteko bizimodua dastatzen
Duela urte batzuk Bermeoko atunontzi batean egindako bidaiaren berri ematen da lantxo honetan, arrantzaleekin bizi izandako egunen berri. Bero-bero bizi izan nituen neronek ere egun haiek; gaur, urteen urruntasunak zaildu egiten du berotasun harekin gauzak adieraztea, baina ahalegina hemen dago.
(...) Portuko agurra tristea izan zen, malkoak baziren portuan geratutako emakumeen begietan. Barkua askatu baino lehen bi emakumek alde egin zuten. Kontramaisu zaharra ere portuan geratu zen, egun horretan hartu baitzuen erretiroa: "Nire azkenaurreko bidaia izan da, itsasoan ez da inoiz "azkenekoa" esan behar". Barku barnean isiltasun nabarmena egin zen irteerako unean. Armadore eta teknikoak ere han geratu ziren kaian; Afrikako bakardade pertsonal eta laborala zuten zain itsasoan.
(...) Marinel erdiak zubi aurreko prismatikoetan egoten dira goiz-partean, horizonteari begira, txoria edo arraina noiz ikusiko. Ababorreko prismatikoan patroia eta senegaldar bat txandatzen dira; erdikoan, hiru marinel eta estiborrekoan bi senegaldar. Eguna zabaltzen duenetik ilunabarrera arte prismatikoak martxan egongo dira, inongo etenunerik gabe.
Beste erdiak barkua garbitu, sokak josi, sareak konpondu, pintaketan jardun, kableak elkarlotu, haztegiak garbitu eta puntuan ipini, etab. aritzen dira. Goizerdian gosari ederra jotzen dute, bai batzuk, bai besteek.
Arratsaldean txanda egiten dute primatikoetan eta goizean prismatikoetan egoten direnak libre dute arratsaldean beren gauzak egiteko. Senegaldarrak egun guztian egoten dira prismatikoetan, oso behatzaile onak omen direlako, baina gero gauez ez dute guardiarik egiten.
Baina ontzian bada beste marinel-mota bat, gehiago penatua, nire irudirako: makinetakoa, hiru mila zaldiko motorra puntuan edukitzen ahalegintzen dena. Hango zarata ez da bromatakoa, berehala alde egiten nuen nik handik, haiek ere aurikularrez ibiltzen dira. Hauen lan-sistema, lau ordu lan egin eta gero beste lau atseden izaten zen. Beti makina artean, koipez zikinduta 36º C-n zegoen labe zaratatsu batean sartuta; barkuko lanposturik txarrena, nire iritziz.
Astegunetan eta jaiegunetan irauten du erregimen honek, han ez dago honelako bereizkuntzarik. Denboraren nozioa galduta geratzen da; orduak esanahi gehiago du, asteko egunak baino (...)
Txoria, Arraina!!
Aurreko lerroetan aipatu dudan bizimodua erabat aldatzen da txirrinak jotzen duenean. Marinel guztiak egiten ari diren lana utzi eta itsasontziaren bizkarrera igotzen dira, batzuk pangara (sare-muturrari eusteko askatzen duten txalupatzarra), bakoitza bere tokira eta patroiari adierazten dio ikusten duena.
Ez da alarma-txirrina txoria edo arraina ikusi orduko jotzen. Sarritan radarrez lekutzen da txori-saldoa, agian, 20 itsas mila edo gehiagora. Ontziak haranzko norantza hartzen du. Norantz-aldaketa ez dute bat-batean egingo, ingurukoak ez konturatzeko moduan baizik. Hemen lehiaketa gordina dago eta lehen arrainera inguratzen denarena izaten da sarea lehen botatzeko eskubidea.