Testuari erreparatu
Koadrilan zaudetela hurrengo igandean bizikletan egun-pasa egitea pentsatu duzue. Denek zeukaten aitzakiaren bat eta zuri egokitu zaizu egun horren nondik norakoa zehatz prestatzea; horretarako, hemen duzu gida gisa adibide bat. Baliagarri izango zaizu oso Euskal Herriko mapa erabiltzea. Ez ahaztu, pasatuko zareten herri eta toki guztien izenak aipatzea.
Hondarribia-Etxalar-Hondarribia
"Aurten ere, aspaldiko urtetan bezala HONDARRIBIA T. E. Elkarte arteko ibilaldia antolatzen ari da Lapurdi eta Nafarroako bideetan barrena.
Hondarribiatik atera eta Hendaiako hondartza aldera abiatuko gara. Hemendik aldapa txiki bat igo eta tontorrean Abadiako gaztelua aurkituko dugu. Gaztelu hau ikustea merezi du eta, ahal izanez gero, argazki bat ateratzea ere bai.
Hemendik aurrera, itsas bazterretik Sokoa, Ziburu eta Donibane Lohitzunera hurbilduko gara. Donibane utzi eta, Nivelle ibaiari segi ondoren, bide lasai batetik Senpere herrira iritsiko gara. Herri ospetsua dugu Senpere, garai batean Pierre Lancrek salatutako "Akelarreak" ospatzen ziren hemen. Hamaika prozesu eta erailketa izan zen.
Ondoren, Sarako bideari ekingo diogu eta nahi duenak "haitzuloak" ikus ditzake. Herri honetatik Lizarretara (507 m.) igotzeko prestatuko gara. Igoera aski gogorra da. Gailurrean bista ederra dugu, bai Iparraldera bai Bidasoa aldera. Erpinetik 8 km.ra Etxalar herria dugu eta hor izango dugu bazkaria.
Atseden hau eginda, Bidasoa ibai ertzetik, Hondarribi aldera abiatuko gara bide leun batetik. Bukaera San Pedro kalean izango dugu".