Irakurtzeko testua
Elebitasunaren kontu xelebre batzuk
Daukadan lanagatik askotan ibili behar izaten dut Euskal Autonomi Erkidegoko errepideetan, atzera eta aurrera. Joan etorri horietan ikusitako hainbat bide seinaletako hitzak eta mezuak eta horiek gogorazitako kontutxo batzuk dakarzkizuet lerrootan.
Langile nauen erakundeak hauxe du izen ofiziala: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea-Instituto Vasco de Administración Pública. Begi bistako arrazoiengatik siglak besterik ez ditugu erabiltzen erakundea izendatzeko: HAEE_IVAP: Erakundeak egoitza nagusiaren helbidea, berriz, honako hauxe du: HAEE-IVAP, Donostia-San Sebastián kalea, Vitoria-Gasteiz. Bai, txistea ematen du, baina egia da, egia hutsa. Txistea borobiltzeko HAEEn lanean hasi aurretik langile izan ninduen erakundearen helbidea emango dizuet: HABE, Vitoria-Gasteiz kalea, Donostia-San Sebastián.
Lehengo batean, Vitoria-Gasteiztik Donostia-San Sebastianera nindoala, aspaldiko lagun baten kasua etorri zitzaidan gogora: Bilbon jaio zen, Donostian bizi da eta Vitoria du abizena. Hau ere egia hutsa da; baina pentsatzen dut, eta espero, berak jaioterria bizilekua eta abizena ez dituela ofizialtzat hartuko eta ez dituela bi hizkuntzetan esan beharrik izango, bestela ederra dauka gizajoak!
Izenak-eta bi hizkuntza ofizialetan jarri behar izateak, eta jartzeak edo ez jartzeak baditu, bai, bere xelebrekeriak. Santurtziko sarrera bateko bide seinale batean Ongi Etorri ikusi nuen, lehengo batean; haren ondoan, ezabatuta, Bienvenidos sumatu nuen. Non eta Santurtzin! Handik ehun bat kilometrora, Donostia inguruko herrixka bat euskara hutsean: Kontuz, hemen euskaldunak gaituk! Ustez, behintzat, helburu guztiz kontrajarriekin egindako ezabaketak dira horiek. Bietatik zeinek egin dio, egitekotan, mesede euskarari eta zeinek kalte? Nik garbi daukat erantzuna.
Herrixka bereko gasolindegi batean gasoila hartzen hasten naizen bakoitzean neska baten ahots grabatu batek hauxe esaten dit, euskara hutsean: diesel betetzen ari zara; gasoila hartu eta abiatu aurretik hauxe esaten dit neska berak: eskerrik asko eta bidai on bat. Nik, aukeran, nahiago hurrengoan isilik geldituko balitzait, agurra erdarazko euskara horretan entzun baino.
Handik kilometro gutxira, honela dio beste bide seinale batek, bi hizkuntza ofizialetan honako honetan: Zumaia-Zumaya; denek ulertu eta inor ez haserretzeko. Herri honetatik gertu dagoen beste bateko sarreran badira bi bide seinale, euskara hutsean daudenak; batak honela dio: Hondartza, hondartza bat irudikatu nahi duten lerro batzuen ondoan; seinalearen helburua kanpotarrei, herrian sartu gabe, hondartzara joateko bidea zein den jakinaraztea da. Aurtengo udan ere askotxo izan dira herri hori osorik zeharkatzen ikusi ditudan atzerritarren autokarabana handi horiek. Euskara hutsezko beste bide seinaleak hauxe dio: Donejakue bidea. Lehengoan izan nuen horren berri, hango lagun batek Donejakuek zer esan nahi ote duen galdetu zidanean.
Askozaz ere nabarmenagoak nornahik ikus ditzake bazterretan, esate baterako Forondako aireportuan letra handi-handitan zegoen (dagoen?): Salidas-Abiadurak hura, edota Donostia inguruan duela gutxi arte kilometro gutxiko inguru baten barruan erdarazko cambio de direcciónen ordez ikus zitezkeen euskarazko hirurak: itzulbidea, norabide aldaketa eta zentzu aldaketa.
Lehengoan, Maltzagatik pasa nintzen eta gogora etorri zitzaidan laster egiten hastekotan diren Eibar-Gasteiz errepidea ia oraintsu arte Urbina-Maltzaga izan dela. Eta gogoratu nuen, baita ere, Vitoria-Gasteiztik gertu dagoen Urbinako maistra batek behin kontatu zidana: Urbinako bere eskolaume batek uste omen zuen bere herriaren euskal izena Maltzaga zela. Esan beharrik ez dago zergatik, ezta?
Kontu xelebre hauek guztiek badute, hala ere, beren alde ona hizkuntzaren kezka dugunontzat, ez gara batere aspertzen bazterrik bazter gabiltzanean. Nolanahi ere, nik ez dakart inolako proposamenik, ikusitakoak erakutsi eta, ahal dela behintzat, zuen ezpainetan irrifartxo bat marraztea beste helbururik ez dute nire hitzek. Ondorioak ateratzea eta, are gehiago, proposamenak egitea errepidean nik baino atzera-aurrera gutxiago egiten dituen norbaitentzat uzten dut; norbait horrek zerbait esan eta egin beharko lukeelakoan.
Iñaki Iturain
Ignacio Sobre la Fuente