"Zentzurik ez"
 

 

Zer ote da zentzua? Bada, gauza asko euskaraz, baina, besteak beste, "zentzu" hitzaren hiru adiera gogora ditzakegu.

Gutxienez hiru.

  • Lehen adieraren arabera, zuzen, zuhur, egoki edo arinkeriarik gabe jokatzea adieraziko luke zentzu hitzak: "zentzua pixka bat ahultzen hasi zitzaion", esaten dugunean, adibidez.
  • Bigarren adiera batean, hitz, esaldi edo testu baten esanahia adieraziko luke zentzu hitzak: "gaizki hartu duzu hitzaren zentzua".
  • Eta hirugarren adierak, azkenik, konortea, kordea adieraziko luke: "zentzu gabe erori zen".

Hori guztia jakingarri, beraz, "zentzu" hitzari buruz. Baina, "zentzu" hitzaren erabilera oker bat salatu nahi genuke gaur hemen, hain zuzen ere, honako esaldi honetan errepara dezakeguna: "nik ez diot horri zentzurik aurkitzen"... zentzurik aurkitzen...

Bistan da erabilera hori gaztelaniazkoaren kalkoa dela: "no le encuentro sentido" esaten baita gaztelaniaz; eta, jakina, horren kalko okerra eginez, "zentzurik aurkitzen ez" esaten dugu euskaraz

Nola esan, orduan, hori berori zertxobait txukunago?

Bada, nahikoa da esatea "nire ustez horrek ez du zentzurik", edo, beharbada, hobeto, euskal senari jarraiki, "nire ustez, horrek ez du ez hanka, ez bururik".

 

 

"Nire ustez, horrek ez du zentzurik", "nire ustez, horrek ez du ez hanka, ez bururik"

 

"Nik ez diot horri zentzurik aurkitzen"