"Ez da parte onekoa!"
 

 

Euskaraz "parte" hitzak bi adiera nagusi ditu. Batetik, "zatia" adierazten du, adibidez, "zorraren parte bat kitatu", eta, bestetik, "aldea" edo "alderdia", esaterako, "Euskal Herriko parte honetan ez da egundo sagarrik falta izan", edo "goiz parteko saioa da gehien gustatu zaidana". Zer esan, ordea, gaurko esaldiari buruz: "ez da parte onekoa"?

Bada, aipatu ditugun bi esanahi horietatik bigarrena dagokio "ez da parte onekoa" esaldiari; hau da, dena delako zerbait ez dela alde edo alderdi onekoa adierazi nahi du.

Ikus dezagun noiz erabili daitekeen eta zer adierazteko?

Gauza baten alderdi txar edo kaltegarria adierazteko erabiltzen da, gehienbat. Esate baterako, "gaurko eguraldia ez da parte onekoa" esaten bada, eguraldi benetan txarra eta kaltegarria adieraziko luke. Eta berdin, "erre-usain hori ez da parte onekoa" esaten badugu. Hori esatean, hartzen ari garen usaina benetan txarra edo kaltegarria dela esan nahiko dugu.