Jarrai dezagun gizaki eta animalien atalak izendatzeko erabiltzen ditugun
zenbait hitzen beste erabilera batzuk azaltzen. Esate baterako, "belarri"
hitzarena.
Entzumenaren organoa izateaz gain, belarri-itxurako beste zernahi gauzari
ere deitzen zaio "belarria". Adibidez, norbait harritu badaiteke ere,
sagardotegiko pitxer bati belarritik heldu diezaiokegu; goldean trakets
dabilenak, berriz, hor nonbait okertuko dizkio belarriak goldeari.
Era berean, "beso" hitza aipa dezakegu. Alkandorak ere "besoak"
ditu. Baita gurutzeak ere, eta, sarritan, itsas-lurrek ere bai: "itsas-besoa",
"lur-besoa".
Asko dira, beraz, tankera horretan erabiltzen diren hitzak. Gogoan izan,
esate baterako, aulkiak "hankak" izan ohi dituela, eta teilatuaren
goiko ertza, berriz, "etxe-bizkarra" dugula.