"Buru zabala" eta "aho estua"
 

 

Aurreko ariketaren hari beretik, bizidunen gorputzari dagokion hainbat izen bizigabeetan ere erabiltzen direla azpimarratzera gatoz.

Har dezagun, adibidez, "buru" hitza. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila izan daiteke: "orratz baten burua", "iltze baten burua"; edo, beste esanahi batzuen arabera, baita ere, esan dezakegu "baratxuri-burua", "Joxe mahaiaren buruan eseri da", edo "zuhaitzaren buru orritsuan egin du habia".

Gauza bera "aho" hitzari buruz. Batetik, hainbat gauzaren irekidura adierazteko erabiltzen da; bereziki, sarbidekoa: "ontzi aho zabala", "aho estuko leizea"; eta, bestetik, tresna ebakitzaileen ertz zorrotza aipatzeko ere bai: "aho biko ezpata", esate baterako.

Har dezagun, azkenik, "begi" hitza, hainbat lanabesetan, kirtena ezartzen den zuloa adierazteko. "Aitzur-begia" edo "jostorratzaren begia" esan ohi da. Beraz, laburbilduz, eta inor harritu ez dadin, noiznahi egin ditzakegun gauzak dira "aizkoraren begian kirtena sartu", "aizkoraren ahoa ongi zorroztuta eduki" eta kolperen bat edo beste eman behar badugu "aizkoraren burua erabili".