"Et, et, et!"
 

 

Horratx interjekzio bat, baina euskarazkoa, alafede! Esan beharrik ez, bihotz-egoerak bizitasunez adierazteko erabili ohi ditugula interjekzioak, eta, jakina, hauek ere euskarazkoak izatea komeni!

Halaxe da, eta gaurko aholkua horrexen adibide! Hain berea eta jatorra baitu euskarak "et, et, et!" gaztelaniazko "alto, alto!", "quieto, quieto!" edo "no, no, no!" adierazteko.

Ikus dezagun, beraz, zein egoeratan erabiltzeko modukoa den.

Bi egoeratan, behintzat, bai. Batetik, arrisku edo larritasun bat salatu nahi denean. Adibidez, demagun haur bat erortzera doala edo erortzeko zorian dagoela, edo haur horrek labana bat eskuetan hartu duela. Laster ohartaraziko du amak "et, et, et!" esanez.

Horixe, beraz, adieratako bat; bigarrena, berriz, arreta eskatzekoa izan daiteke.

Bada, bai! Eta hau ere egoera jakin baten bidez adieraz dezakegu. Demagun, bilera batean, hizlari bat hainbat esplikazio ematen ari zaiela bertan bildutakoei; baina, halako batean, entzuleetako bat esaten ari zaionarekin ados ez, konforme ez. Eskua jaso, eta bere lehenengo hitza:

"Et, et, et!, aizu, aizu, esan duzun hori ez da horrela".

 

 

"Et, et, et!"

 

"Alto, alto!", "quieto, quieto!","no, no, no!"