"Ospelak" eta "egutera"
 

 

Hotzak eragindako ospelak aipatu genituen orain hurrengo saioan, baina "ospel" hitzak badu beste adiera bat ere, aurrekoa bezain erabilia gainera, ezta?

Halaxe da, eguzkiak jotzen ez duen toki itzaltsuari deitu ohi zaio ospela; "ospela" edo, "laiotza" eta "ainubea" ere erabiltzen ditugu gauza bera adierazteko.

Beraz, garbi dago. Neguan —batez ere, neguan—, mendi aldera doanak sarri aurkituko ditu "bazter ospel, laiotz edo ainubeak", eta, aldi berean, ohartu ere ohartuko da "ospeletan, laiotzetan eta ainubeetan elurrak asko irauten duela". Baina, eta nola deitu beste aldeari? Hau da, ospelik, laiotzik edo ainuberik gabeko lekuari? Eguzkiak bete-betean jotzen duenari?

Bi hitz eman ditzakegu: "egutera" edo "eguzkialdea". Hauek, toki hauek, eguzkiak gozo-gozo laztanduko dituenak izaki, eta, beraz, ospeletik ihes egin nahian dabilenak hortxe du bere aukera: eguteran.