Gauza bat baino gehiago uler daitezke euskaraz "pikatu" esanda, baina
bada txartzat eman beharreko adierarik ere.
Bada, bai; halaxe da. Oso erabilera anitza du "picar" aditzak gaztelaniaz,
40 esanahitik gora, baina, bistan denez, gaztelaniazko "picar" asko
eta asko ez dira "pikatu" euskaraz.
Aipa ditzagun lehen-lehenik "pikatu" aditzaren adierak
Bada, hiru bai gutxienez. Batetik, ebaki, moztu; batez ere, Iparraldean:
"norbaiti lepoa pikatu" esango dute. Bigarren adiera, harria landu:
"harri pikatuzko etxea da hori" esan dezakegu. Eta, azkenik, baita zorroztu
ere: "aitak sega pikatu du".
Horiek guztiak adiera zuzenak, baina zer esan eltxo edo erle baten ziztada
adierazi nahirik erabili ohi dugun "pikatu" aditzari buruz?
Hain zuzen ere, ez dagoela esaterik "eltxo
batek pikatu dit", baizik eta "eltxo
batek heldu dit".
Har dezagun beste adiera bat: "esan
zaiona gustatu ez, eta pikatu egin da"
esaldia.
Hori ere ezin ontzat eman euskaraz: "esan
zaiona gustatu ez, eta haserretu egin da"
esan beharko genuke.
"Trenean txartela
pikatu didate".
Ez, "pikatu" ez; "zulatu"
egin dizute.
Eta jertse batek "pikatzen"
al du?
Ez, "azkura
ematen" du.
Piperrek ez dute, horratik, horrelakorik egiten...
Ez, "piperrak
oso minak daude"-la esango genuke, ez
asko pikatzen dutela.