Besteak beste, gure eguraldi-gizonaren, Pello Zabalaren baimenarekin
zabalduko dugu gaur ahoa. Hain zuzen ere, ilargialdien berri emateko.
Denok dakigunez, ilargiak, lurraren sateliteak, gaua argitzen du, eta
eguzkiaren argia erabiliz argitu ere. Horregatik esan ohi dugu ilargia
agertu edo sartu egiten dela, edo bart ilargi ederra zegoela, edo, ilargirik
gabeko gaua dela.
Baina, horrez gain, ilargialdiak aipatuko ditugu gaur, haren aldiak
edo koskak, alegia. Dakienak badaki, baina inork gogora nahi balitu,
hona hemen ilargiaren lau aldiak. Lehenik, ilargi berria:
"Ilberria", alegia, hitzak berak dioen bezala. Lurraren eta eguzkiaren
artean dagoelako ikusezina gertatu ohi da.
Ilargi betea:
"Ilbetea" edo "ilargi zaharra" esaten duguna. Lurretik
ikusita, ilargiaren aurpegia erabat argiturik ageri deneko aldia.
Ilbehera:
Ez dago zalantzarik: ilargiaren beheraldia dugu, ilargi betetik ilargi
berrira doan 14 eguneko aldia.
Eta, azkenik, ilgora:
Ilargiaren goraldia, jakina; beraz, ilargi berritik ilargi betera doan
14 eguneko aldia.