Moda txiki bati aurre egiteko izan daiteke gaurko aholkua. Ez al dugu
gehiegi, lartxo erabiltzen gaztelaniazko "anti-" aurrizkia? Askotan,
dena konpontzen dugu "anti-"rekin: "antikonstituzionala", "antikomunista"...
Jakina, aukera bat hori da: "anti-" aurrizkia. Baina ezin ahaztu atzizkiez
ere balia gintezkeela hitzak sortzeko orduan. Edonork daki "eskale"
hitzak azken "le" hori atzizki bat duela, eskalea eskatzen duena
baita; edo "igogailu" hitzak azken "gailu" hori atzizkia duela,
igotzeko gailua edo aparatua baita. Beraz, hitzak sortzeko atzizkiak
ere sarri erabiltzen ditu euskarak.
Beraz, ez dagoela beti, lehen aipatu ditugun adibideetan, "anti-" aurrizkia
erabili beharrik?
Halaxe da; "antikonstituzionala",
"antikomunista" edo
"antimonarkikoa" esan beharrean, ondo
asko leudeke "konstituzioaren
aurkakoa edo kontrakoa", "komunismoaren
aurkakoa edo kontrakoa" eta "monarkiaren
aurkakoa edo kontrakoa".