Aipa dezagun gaur "jario" edo "jariatu" aditza. Denok dakigunez, tokiren
batetik isurkari bat irteteari esaten diogu "jario" edo "jariatu". Adibidez,
ura iturbegitik, odola zauritik edo malkoak begietatik. Hau da, gaztelaniaz
"fluir" edo "manar" esango genukeena. Baina, hona hemen ariketa: zein
aditz laguntzaile erantsiko diogu "jario" aditzari?
Egia da zalantza batzuk izan ohi dituela hiztun batek baino gehiagok.
Beraz, aditzaren nondik norakoak argituko ditugu (hori bai, izen-moduan
ere erabil daitekeela jakinda; adibidez, "ur-jarioa", "odol-jarioa",
"hitz-jarioa", etab.).
Beraz, zer argibide "jario" aditzari buruz?
Bi nagusiki. Batetik, "jario" aditzak "nor-nori" formak hartzen ditu;
baina, bigarren, hori egitean, bi aditz-forma bereiziko ditugu. Hau
da, aditz-forma burutuetan eta etorkizunean, soilik, "jario" aditza
erabiliko dugu; eta, alderantziz, aditz-forma ez buruetan "jariatzen".
Alegia, lehen kasuan, aditz-forma burutuan, zer esan norbait malkotan
ikustean?
"Malkoak jario zaizkio begietatik".
Eta, etorkizuneko denboran, iturri batzuek ura eskas izango dutela esateko?
"Udan ur gutxi jarioko zaie iturri horiei".
Beraz, esan duguna, aditz-forma burutuetan eta etorkizunean "jario"
erabiliko dugu. Eta aditz-forma ez burutuetako esaldi bat, adibidez?
"Ahotik odola jariatzen bazaie, deitu
sendagileari!".