Hizkuntzak, hizkuntza orok, jakina, modernizatu egin behar du. Horretan
ez dago dudarik, baina nola modernizatu litzateke galdera.
Bada, erantzuna ez da batere zaila; ahal dela, behintzat, bere erroari
muzin egin gabe, hau da, bere-bereak dituen baliabideak erabiliz.
Adibide batekin agertuko dugu gaurko ariketan esan nahi duguna. Zer
erantzun ematen zaizkio gaur "nola zaude?" galderari? Bada, belarria
dugu salatari onena: "ondo", "super
ondo", "hiper
ondo", etab.
Azken batean, graduatzailearen arazoa da planteatzen ari garena. Alegia,
izenondoek izenaren ezaugarri bat adierazten dute (txar, motel, urdin,
handi), baina ezaugarri horrekin batera graduatzaile batzuk ditugu.
Adibidez, "garesti" izenondoa hartzen badugu, "aski
garestia",
"nahiko
garestia",
"oso garestia",
"biziki
garestia",
"izugarri
garestia",
etab. aipa ditzakegu.
Eta, horiez gain, euskarak bere-berea duen modua ere bai: errepikatzearena.
Halaxe da, izenondoa errepikatuz guztiz indartzen dena, "garesti-garestia",
alegia, "oso garestia" esateko, edo "txar-txarra", "motel-motela", etab.
Beraz, esanak esan, hasierako galderarekin amaitzen dugu. Nola zaude?
"Oso
ondo", "biziki
ondo"... edota berdin "primeran",
"ezin hobeto",
"hainbestean",
etab. Baina ez, noski, "hiper
ondo" edo "super
ondo".