Harridura, horixe izan daiteke gaurko esaldiaren atze-aurrean suma daitekeen
jarrera edo sentimendua. Baina, jakin dezagun Ormaiztegiko txakurraren
kontu hori.
Ormaiztegikoa delako ala txakurra delako edo, beharbada, biak batera
delako? Batek daki! Kontua da inork uste baino azkarragoa dugula Ormaiztegiko
txakurra. Izan ere, abiatu... beste guztien atzetik abiatu, eta, azkenean,
bera izan ohi da lehen edo aurrena.
Beste guztiak pasa eta atzean utzi dituelako?
Jakina! Atzetik abiatu, aurrekoen parera etorri, eta, azkenean, hauek
ere jo eta pasa! Horregatik, esaldi osoa "Ormaiztegiko txakurrarena:
jo eta pasa", galtzen hasi eta bukaeran garaile gertatzen direnen jokaldi
edo dena delako balentria aipatzeko.
Jar dezagun adibideren bat.
Esate baterako, jokoan
ari bagara musean, adibidez, eta galtzen zebilen baten bat
jo eta irabazten hasten bada, eta, azkenean, denen aurretik jarriz gero,
zera esan genezake: "honek egin digu orain Ormaiztegiko txakurrarena:
jo eta pasa".