"Masailekoa"
 

 

Zer egin daiteke alferrikako maileguak erabiltzeagatik? "Tortazo bat eman"?

Bada, egia esan, hori ere egin liteke, baina, gure kasuan, hobe izango dugu, gaztelaniazko mailegu txar horren ordez, euskarazko hitz eta esaldi jatorren zerrenda aurkeztea.

Aukerarik badela, behintzat, esan behar! Adibidez, hortxe dauzkagu "jo", "egurra eman" edo "berotu" aditzak. Esate baterako, "nik Mikel jo dut", "haiek egurra eman digute" edo "auzoko umeek ederki berotu zioten bizkarra".

Horra hor aukera. Baina, horrez gain, kolpea zehazki non jotzen den edo zerekin jotzen den ere har dezakegu kontuan. Adibidez, nola esango genuke masailean joz gero?

"Masailekoa jo", "masailekoa eman" edo "masailekoa hartu" esan dezakegu; baita "zaplaztekoa jo, eman edo hartu" ere.

Eta kolpe hori muturrean izanez gero?

"Muturrekoa jo, eman edo hartu"; baita "muturrak hautsi" ere.

Azkenik, nola esan oinaz jotzen bada?

"Ostiko bat jo, edo eman", edo "ostikoz jo" esan dezakegu. Eta, bestalde, hortxe dugu zartakoa; adibidez, "zartako ederra eman dio pilotariak".

 

 

"Jo", "egurra eman", "berotu", "ostiko bat jo", "zartako ederra eman"

 

"Tortazo bat eman"