Huskeria dela esan dezake norbaitek, baina, gauzak ondo esate aldera,
hau ere kontuan hartzeko modukoa. Ikastolan, adibidez, zarata bizian
dabilen lagun-talde bati nola adieraziko diegu ez dugula horrenbeste
zarata entzun nahi? Zer esanez: "baju hitz egin", edo "isilik hitz egin,
mesedez"?
Bigarrenaren aukera egin, eta "isilik hitz egiteko" eskatu beharko diegu.
Izan ere, "isila" da hotsik edo soinurik egiten edo eragiten ez duena.
Adibidez "gomazko oinetakoak isilak dira" esan dezakegu, edo "gizon
hori isila da", gutxi hitz egiten baldin badu.
Hortaz, "nola?" galderari erantzunez, "isilik" edo "isil-isilik" egon
behar dela ohartarazi nahi denean, ez dugu esango "baju hitz egin",
baizik eta "isilik hitz egin".
Eta, era berean, "bajuago
hitz egin" esan ordez, "isilago
hitz egin" esan beharko dugu, edo, beste
modu batera, "boza apaldu",
edo "boza ttikitu",
edo "apalxeago hitz egin",
etab.