Lehenik eta behin, esan dezagun "baina" eta "baino" hitzek euskara batuan
ez dutela adiera bera hartzen, nahiz eta hainbat euskalkitan bereizketarik
ez egin, ahozkoan, behintzat.
"Baina"
juntagailuak bi ideiaren arteko kontrakotasuna adierazten du, eta, horrela,
bi esaldi lotzeko erabiltzen da. Adibidez: "pertsona ona zen, baina
alferra". Hori argitu eta gero, esan dezagun Iparraldean "baizik"-en
esanahia hartzen duela, eta Bizkaian, aldiz, "nahiz eta" kontzesiboarena.
Bestalde, "baino" juntagailua erkaketa edo konparazioak egiteko erabiltzen
dugu. Esaterako, "beste hura baino hobea da hau". Eta, horrezaz gain,
Bizkaian "baizik"-en adiera hartzen du. Adibidez, "hori ez da gorria,
zuria baino".
Esanak esan, hona hemen ariketa bat. Zuzena al da euskara idatzian "heldu
zen, baino berandu" esatea?
Bada, ez. "Heldu
zen, baina berandu" litzateke zuzena.
Eta beste hau: "Xabier
Edurne baina alaiagoa da"?
Hori ere ez. Esaldi zuzena beste hau da: "Xabier
Edurne baino alaiagoa da".