"Porrokatu" izenondoak gartsua, edo amorratua, edo sutsua adierazten
du. Adibidez, lan eta lan egiten duenari "langile porrokatua" deitzen
diogu; beti ehiza-kontuetan dabilenari "ehiztari porrokatua", edo jokorako
grina duenari "jokalari porrokatua". Zergatik diogun hau guztia?
Bada, askotan, gaztelaniazko "muy" hitzaren ordaina behin eta berriz
"oso" eta "oso" esanez ematen dugulako. Baina, bistan da beste aukera
batzuk ere badituela euskarak, eta horietako bat dugu delako "porrokatu"
hitza.
Ikus dezagun ariketa honetan. Nola esan euskaraz beste modu batera "oso
langilea da"?
Oraintxe esan dugun bezala: "langile porrokatua da".
Eta oso gozozalea bada?
"Gozozale porrokatua".
Azkenik, nola esan beste modu batera "mozkor-mozkorra" dela?
Bada, "gizon hori mozkor porrokatua da".