"Baso bat ur"
 

 

 Zalantza baten argitan, "baso bat ur" ala "ur baso bat"?

 Ez dira gauza bera. "Baso bat ur" esaten badugu, ura azpimarratzen da; hau da, urez betetako baso bat. Horrelakoetan, lehenbizi kantitatea aipatzen dugu, eta, gero, jeneroa; hau da, "dozena bat arrautza", "basokada bat olio" edo "sei kilo kafe" esaten dugunean bezalaxe.

Bestalde, "ur baso bat" esaten badugu, ura edateko basoa dela adierazten dugu, hau da, basoaren nolakoa.

 Argi ditzagun gauzak zehaztasun gehiagoz. "Kamioika bat esne edango luke" esaten badugu, zer adierazten dugu?

 Bada, kamioi bat bete esne edango lukeela, hau da, kantitatea adierazten dugu.

 Eta "esne-kamioi bat irauli da" esaten badugu?

 Bada, iraulitako kamioi hori esnea eramateko horietakoa dela, eta ez porlana edo egurra eramatekoa, adibidez.

 Eta "botila bat txanpain edan du" esanda?

 Bada, lehengo adibidean bezalaxe, botila bat bete txanpain edan duela; beraz, kantitatea.

 Eta "txanpain-botila bat puskatu dio buruan"?

 Kontu horretan garbi dago botilaren nolakoa azpimarratzen dugula; hau da, txanpain-botila dela, eta ez sagardoa edo esnea duena.

Bereizi:

"Botila bat txanpain edan du"

"Txanpain-botila bat puskatu dio buruan"