"Dagoeneko" eta "honezkero"
 

 

 Bi hitz horien artean badira kontuan hartzeko hainbat ñabardura. Biak dira denborazko aditzondo, baina, esanahi ezberdina dutenez, egoeraren arabera aukeratu beharko dugu bata ala bestea.

 Halaxe da. "honezkero" esapideak ziurtasunik eza adierazten du, hiztunaren ustea edo hipotesia. Adibidez: "honezkero Parisen izango da". Beraz, esaldi horren bidez susmoa adierazten dugu. Jakin ez dakigu han den ala ez, baina hori uste dugu, ia ziurtasun osoz.

 Aipa dezagun bigarrena: "dagoeneko".

 "Dagoeneko" esapideak aurkakoa adierazten du; hau da, ikusitako edo egiaztatutako gauzak aipatzen dira. Horregatik, gertatu eta egiaztatua dagoen gauza bati buruz ari garela, "dagoeneko" erabili behar da, eta ez "honezkero".

 Hortaz, ondo esango al genuke "honezkero jaiki zara, e!"?

 Bada ez; "dagoeneko jaiki zara, e!" esan beharko genuke.

 "Nolatan ari zara zu honezkero lanean?"...

 Ez dago ondo. "Nolatan ari zara zu dagoeneko lanean?".

 Eta, amaitzeko, "dagoeneko esnatuko zen!"...

 Ez. "Honezkero esnatuko zen!".

 

 

"Honezkero esnatuko zen!"

 

"Dagoeneko esnatuko zen!"