Denok
egongo gara ados, zerbait edo norbait dagoen moduari esaten diogula
egoera. Adibidez, "zein egoeratan dagoen jakin nahi dugu"
edo "ekonomiaren egoera" aztertu. Baina, hori esanik, "egoera"
hitzaren gehiegizko erabilera aipatu behar da.
Egia
da, gaztelaniaren eraginez, behar ez denean eta sarriegi erabiltzen
dela "egoera" hitza. Adibidez: gaztelaniatik abiatuta, "el
estado de salud del enfermo es grave" euskaraz esan nahi, eta "gaixoaren
osasun-egoera larria da" esaten
badugu, kontuan izan gramatikaren aldetik ez dagoela okerrik, baina,
baita ere, egokiago litzatekeela esatea: "gaixoa
oso gaizki dago" edo "oso
larri dago".
Edo,
Iparraldean, esango luketen bezala "eri
handi da", ezta? Beste pare bat
adibide, amaitzeko: "errepideen
egoera ona da"…
Hori
baino hobeto "errepideetan
ez dago arazorik" esatea
"Itsasoaren
egoera txarra da"...
Gauza
bera. Egokiago da "itsasoa
harro edo zakar dago" esatea. Izan
ere, eta aholkutzat eman daitekeen kontua da hau, ahal den guztietan,
euskaratik abiatu, eta gero, itzuli gaztelaniara!