"Jan" eta "jatea"
 

 

 Euskaldun batzuek nahasi egiten dituzte "jan nahi dut" eta "jatea nahi dut" egiturak. Bereiziko al genituzke?

 Bada, bai, bi mezu adierazten ari garelako bereizi ere! Batetik, zerbait egin nahi duena eta nahi hori bete behar duena pertsona bat bera denean, aditzaren partizipioa erabiltzen dugu. Adibidez: "ogitartekoa ‘jan’ nahi dut" edo "orain guk ‘hitz egin’ nahi dugu". Bi esaldiotan esku-hartzaile bakarra dago: ni naiz nahi duena, eta ni naiz jaten ahaleginduko naizena; beraz, aditzaren partizipioa erabiliko dugu: "jan" eta "hitz egin".

 Azter dezagun, orduan, esaldian bi esku-hartzaile daudeneko kasua. Esaterako: "zuek zintzo ‘ibiltzea’ nahi dut" edo "lagunak etxera ‘etortzea’ nahi dugu"…

 Bi esaldi horietan, zerbait egin nahi duena eta nahi hori bete behar duena ez dira pertsona bera: nik nahi dut, baina nire nahia zuek zintzo ibiltzea edo lagunak etxera etortzea da; alegia, nik ez dut zintzo ibili behar edo etxera etorri behar, baizik eta zuek ibili beharko duzue ondo edo lagunek etorri beharko dute etxera. Beraz, bi adibide horietan aditza izen bihurtuta emango dugu, "ibiltzea" eta "etortzea": "zuek zintzo ibiltzea nahi dut" eta "lagunak etxera etortzea nahi dugu".

 

Bereizi:

"Ogitartekoa jan nahi dut"

"Ogitartekoa zuk jatea nahi dut"