"Urtarriletik abendura"
 

 

 Badira hitz batzuk hiztegiko era mugagabean ez bezala, non edo non, edozein iragarki edo agiritan era mugatuan idatzita ikusi, eta, deklinatzeko orduan, gaizki erabiltzen direnak. Hilabete-izenak, adibidez. Hiztegian "urtarril" agertuko da, baina edozein egutegitan, "urtarrila" ikusiko dugu, eta halaxe behar du. Non dago arazoa?

 Bada, arazoa, esan bezala, hitz horren okerreko deklinabidean egon ohi da, "-a" eta guzti deklinatzen baitira. Adibidez: "urtarrilan", "urriako", "ekainatik", "otsailara", etab.

 Beraz, eman ditzagun adibide zuzen batzuk, eredu gisa. "Urtarrila".

 Hiztegian "urtarril" agertuko zaigu. Beraz, "urtarrilean" erabili beharko dugu, (eta ez "urtarrilan"), edo "urtarrileko" (eta ez "urtarrilako").

 "Apirila".

 Gauza bera. Hiztegian "apiril" agertuko zaigu. Hortaz, "apirilean" (eta ez "apirilan"), edo "apirilera" (eta ez "apirilara").

 Eta, amaitzeko, "urria".

 Hiztegian "urri" agertuko zaigu. Beraz, "urrian", "urriko" (eta ez "urriako"), "urritik" (ez "urriatik") eta "urrira" (ez "urriara").

 

 

"Urtarrilean", "apirilean", "urriko"

 

"Urtarrilan", "apirilan", "urriako"