Hitz
egin dezagun izenordeez. Izenordain arruntak dira "ni", "hi",
"gu", "zu", etab., eta izenordain indartuak, berriz,
"neu", "heu", "geu", "zeu",
etab. Beraz, "neu" edo "neroni", "neuk"
edo "neronek", forma asko ditugu euskaraz, euskalki batetik
bestera aldatu egiten baitira.
Baina, gaurko galdera hauxe da: noiz
erabili behar dira forma arruntak eta noiz indartuak?
Egia
esan, ezin da arau estuegirik eman, Iparraldean ez baitago forma indartuak
erabiltzeko ohitura handirik. Hegoaldeko joeraren arabera, ordea, badirudi
bi egoeratan erabiltzen dela:
Alde batetik, galdegai denean (aditzaren
aurrean doanean);
Eta, bestetik, nolabaiteko kontrakotasuna
markatu nahi denean. Adibidez: "neuk (edo neronek) entzun nien,
ez beste inork"; eta "ez ekarri besterik, geu nahikoa gara
eta".
Dena
dela, pertsona-izenordain indartuen erabileran entzuten dira esapide
oker batzuk. Adibidez: "ni
pertsonalki bat nator esan duzunarekin".
Halaxe
da bai! Gaztelaniazko "yo personalmente" moldearen eraginez
da hori. Argi dago euskaraz "pertsonalki"
forma erdarakada dela.
Alegia,
ez dela esan behar: "ni
pertsonalki bat nator esan duzunarekin", " gu pertsonalki
joango gara", edo "niri
pertsonalki esan didate".
Halaxe
da! Horien ordez, esan dezagun: "ni
neu bat nator esan duzunarekin", "gu geu joango gara",
edo "neuri esan
didate".