"Zenbat buru, hainbat aburu!"
 

 

Oso esaldi jatorra euskaraz gaurko hau: "zenbat buru, hainbat aburu". Zer adierazteko, ordea, juxtu-juxtu?

Esan dezagun, lehen-lehenik, funtsik gabeko usteari, irudipenari esaten zaiola aburua. Esate baterako, "aburuz ari da" esan dezakegu, norbait bere irudipenak soilik esaten ari dela ohartzen garenean.

Baina, hori jakin eta gero, zer esan nahi du "zenbat buru, hainbat aburu" esaera zaharrak?

Bada, adibidez, bilera batean esku hartzen ari direnen artean, nork (bakoitzak) bere iritzia daukala.

Eta, gauza bera adierazteko, nola esango genuke bilera horretan nork bere gogoeta egin duela?

Bada, adibidez, "begi guztiek ez dutela berdin ikusi".

Azkenik, balio al digu aipatzen ari garen esaldiak "sobre gustos no hay nada escrito" esateko?

Bai, eta oso ondo gainera. Bakoitzak bere gustuak dituela adierazteko: "zenbat buru, hainbat aburu".

 

 

"Zenbat buru, hainbat aburu"

 

"Sobre gustos no hay nada escrito"