HABENET hasiera
  IKASLEAREN GUNEA HIZTEGIAK ARAU ETA AZALPENAK INFORMAZIOA 
Euskalkiak Iradokizunak
   
euskalkitegia
EKIALDEKO NAFARRERA
 
Erronkariera
 
Ekialdeko euskalkia, gaur egun desagertua, baina Erronkari bailara osoan XVIII. mendean oraindik ere mintzatzen zena. Hiru hizkera zituen, Uztarrotzekoa (bi aldaera zituen, bata Izabakoa eta bestea Uztarrotzekoa bertakoa), Urzainkikoa (Urzainkin eta Erronkarin) eta Bidankozekoa (Bidankoze, Burgi eta Garden), iparretik hegora hurrenez hurren. Zubereraren familiakotzat jo zuen L. L. Bonapartek (1869an). Baina berezkoa eta independentea izan zitekeela iradoki zuen eta bide horri jarraitu zioten Azkuek, Campionek, Irigaraik, Lafonek eta Mitxelenak. P. Irizarrek, ordea, espainieraren eraginez aldatutako zubereraren azpieuskalkitzat jo zuen.
Azken hiztuna Fidela Bernat (1990ean hila) izan zen eta Aranzadi Zientzi Elkarteko kide den Koldo Artolak elkarrizketa egin zion.
Berezitasun askoren artean, kontsonante dardarkari arteko bokal asko galdu egin ziren: zu zra (zara), ikastera (ikastra); gainera, lexiko mailan arkaismo ugari gorde zuen eta espainieraren mailegu asko bereganaturik zituen; bestalde, hitz hasierako /h/ aspiratua, galdurik ez zenean, /k/ ahoskatzen zen (erakusleetan, adibidez, kau, kori eta kura, hau hori eta hura esateko); hitz hurrenkerak askotan espainierarena zuen eredu (Zu zra andi).
 
Gehiago jakin nahi baduzu:
 
ESTORNES LASA, Bernardo, Erronkariko uskararen hiztegia, Nafarroako Gobernua, 1997.
 
ESTORNES LASA, Jose, Erronkari'ko uskara, Auñamendi, 1968.
 
IRIZAR, Pedro, Morfología del verbo auxiliar roncalés; Euskaltzaindia,1992.
 
PAGOLA, Rosa Miren; IRIBAR, Itziar; IRIBAR, Juan José, Bonaparte ondareko eskuizkribuak: erronkariera; Deustuko Unibertsitatea; Euskal Ikaskuntzen Institutua.
 
 
Zaraitzuera
 
Zaraitzu bailaran (Eaurta, Espartza, Ezkarotze, Itzaltzu, Orontze eta Otsagabia) erabiltzen den euskalkia, gaur egun erabateko galbidean eta ia agortzear. Erronkarin bezala, Romanzado izeneko hizkera bat nagusitu izana eta bertako artzain asko negua Bardeetan emateak lagundu egin zuen zaraitzuera eguneroko erabileraz bazter zedin. Batuaz mintzatzen diren euskaldun berriak ari dira betetzen garai batean zaraitzuerak hartzen zuen esparrua.
Ekialdeko nafarrera beheretzat hartua izan da sarri. Gaur egun, ordea, Koldo Zuazok, euskalki osotzat jotzen du Zaraitzuko euskalkia.
 
Bibliografia:
 
ARANA, Aitor, Zaraitzuko hiztegia;
 
BIDADOR, Joxemiel, "Autores en uskara del valle de Zaraitzu", Diario de noticias, 2001-09-09, Iruñea.
 
PAGOLA, Rosa Miren; IRIBAR, Itziar; IRIBAR, Juan José, Bonaparte ondareko eskuizkribuak: zaraitzuera; Deustuko Unibertsitatea; Euskal Ikaskuntzen Institutua.