
Betiko kirolaz aspertuta daudenentzako aukerak
Kirola egiten hasi behar dut. Hori esan diozu zeure buruari. Baina ez daukazu gogo handirik. Betiko kirolak ez dituzu atsegin, baina berririk ere ez duzu ezagutzen. Hemen dituzu gimnasioetako nobedadeak. Aitzakiek ez dute balio.
Full Contact
Gerritik gora boxeoa, eta gerritik behera karatea. Horrelakoa da full contact
izenekoa. Kick boxing izenarekin ere ezaguna da Euskal Herriko gimnasioetan, eta
horregatik erabiltzen ditu boxeoko eskularruak. Batik bat, oreka, malgutasuna,
potentzia eta erresistentzia lantzen ditu. Hanka eta eskumuturrak dira kirol
honen oinarri, baina gorputz osoa lantzeko oso aproposa da, eta buruaren oreka
lortzeko ere bai.
AEBetan sortu zen kirol hau, 1968an. Mendebaldeko pentsamenduak sortutako lehen
arte martziala izan zen. Karateak kontaktu osoko borrokak egiteko jartzen zituen
mugekin aspertuta zeuden amerikar asko, eta muga horiek gainditzeko eta kontaktu
osoko borroka egiteko grinarekin sortu zuten. Hortik bere izena, full contact.
Bruce Lee aktoreak ere izan zuen zerikusirik. Aktoreak arrakasta itzela zuen
garai hartan, eta bere mugimenduek jarraitzaile ugari zituen. Boxeo txinatarra
egiten zuen orduan Bruce Leek, eta haren oso antzeko kirol gisa jaio zen kick
boxing edo full contact delakoa ere.
Boxeoaren eta karatearen arteko nahasketa izaki, bi kirol horiek lantzen dira
full-contact egitean. Batetik, boxeoaren mugimendu, kolpe eta taktikak lantzen
dira besoekin, baina badu karateari ostutako barrutik kanporako kolpea ere.
Hankekin, berriz, karatearenak; ostikoak, erorketak... Defentsa edo babesa
boxeotik hartzen du, eta estrategia, karatetik. Oso kirol osoa da, gainera,
prestaketa fisiko orokorrari garrantzi handia ematen baitio: lasterka egin,
pisuak altxatu, sokasaltoan ibili, abdominalak egin...
Azken urteetan, kirol hori musikarekin uztartzen duten bestelako modalitateak
ere sortu dira: aerobox, tae vo edo cardi kick boxing izenekin egin dira ezagun.
Hauek berezko kick boxing-ak baino ariketa sinpleagoak egiten dituzte, eta
musika jartzen diote, eskolak arinagoak egiteko.
Body Pump
Aerobikeko betiko saioekin aspertuta daudenentzat sortu dute kirol hau. Eta zer
egin dute horretarako? Pisuak sartu dituzte aerobik eskoletan. Emaitza: ariketak
egiteko errazagoak eta emaitzak ere ikusgarriagoak.
Teknika hau 1990ean sortu zuten, Zeelanda Berrian. Bost urteren buruan, mundu
osora hedatu zen, bere arrakastaren seinale. Ez da gutxiagorako. Muskulazio gela
batean egin daitezken ariketa eraginkorrenak eta aerobika uztatzen ditu body
pump-ak.
Duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena lortu du body pump-ak:
gizonezkoak muskulazio gelatik atera eta musikaren erritmora kirola egitea. Izan
ere, orain arteko aerobik eskolak dantzarekin lotzen zituen oraindik gizon
askok, baina pisuak erabilita erakargarriagoak bihurtu dira.
Kirol hau abian jarri aurretik, beharrezko ikerketak egin zituzten sendagile,
aditu eta bestelakoek. Min hartzeko arriskua oso-oso eskasa da, ondorioz. Eta
emaitzak, berriz, oso onak. Gorputzaren moldea hobetzen du, artikulazioak
indartzen ditu, muskuluak bizkortzen ditu, koipea erretzen du, hezurren
dentsitatea areagotzen du, eta, horrez gain, erresistentzia eta indarra
handitzen ditu.
Body pump eskolek 50 minutu irauten dute, batenaz beste. Hamar kantatan banatzen
da saio bakoitza, eta kantu bakoitza gorputzeko zati bati eskaintzen zaio. Hala,
kantu batean izterretako muskuluak landuko dira, bestean hanketakoak, hurrengoan
besoetakoak... hori bai, beti barra pisu hori lagun dela. Zangoak eta bizepsak
lantzean, esaterako, sorbalda eta besoak lantzean baino pisu astunagoa erabiliko
da.
Uretako aerobika
Udaberri-udetako garairako kirol aproposa da, hau, inondik ere. Uretan egiten da
aerobik hori, eta, hortaz, bero sentsazioa arinagoa da. Baina horrek ez du
murrizten kirolaren eraginkortasuna. Ezta gutxiago ere: uretako aerobika oso
kirol osoa da, eta emaitzak ere oso onak dira.
Mantentze gimnastikaren eta igeriketaren arteko nahasketa da uretako aerobika.
Zehatzago esanda: ur beroko igerileku batean aerobika egitea. Bi motatakoak
dira, hortaz, bere onurak: aerobikaren abantaila guztiak ditut, eta
hidroterapiarenak ere bai. Lur gainean egiten diren ariketa bortitzak arintzeko
ezin hobea dela diote adituek, eta estresa murrizteko ere bai.
Oinarekin lurra ukitzen den igerilekuetan egiten da uretako aerobika. Beraz, ez
du ezer berezirik behar: bainujantzi bat eta uretako txanoa. Hoberena,
gerrirainoko edo bular parerainoko uretan egitea da. Izan ere, horrekin
gorputzaren pisua nabarmen murrizten da. Kontuan izan bularretaraino uretan
sartuta dagoen pertsona batek kanpoan baino %70 gutxiago pisatzen duela.
Gainera, min hartu edo lesiorik izateko arriskurik ez dago, urak aireak baino
hamabi aldiz erresistentzia handiago ematen baitu.
Eta hori gutxi balitz bezala, onura terapeutiko handiak ere baditu uretako
aerobikak. Uraren tenperaturak eta presioak hodiak zabaltzen ditu, eta,
ondorioz, odolaren zirkulazioa indartu. Biriken aireztatzea ere indartzen du
urak, eta horrek, urarekin batera, masajea eragiten du gorputz osoan,
osasunerako oso ona den masaje bat hain justu.
Erraz egiteko moduko mugimenduak dira. Edozein gimnasiotan egiten diren
mantentze ariketak dira; beraz, edonork egiteko modukoak.
Capoeira
Dantza eta borroka tekniken arteko nahasketa da capoeira. Aspaldi-aspaldikoa
izanagatik, orain urte gutxi iritsi da gurera, eta oraindik ere ezezaguna da
askorentzat.
Punta-puntako kirola gustuko dutenen moda bihurtu da askorentzat capoeira. Baina
horietatik oso gutxik jakingo dute oso-oso zaharra dela. XVI mendean sortu zen,
hain justu, eta Afrikan du jatorria, nahiz eta sortu Brasilen sortu zen. Garai
hartan, Portugalgo Armadak Afrikako tribuetatik gizonak harrapatu, esklabo
bihurtu eta Brasilera eraman zituen, hango azukre eta kotoi sailetan lan
egiteko. Milaka afrikar bildu ziren, eta denen artean askatasunerako borroka
izenarekin bataiatu zuten borroka modu bat sortu zuten.
Esklaboak dantza moduan egiten hasi ziren, orduan, berez borroka teknika zena
mozorrotu eta ezkutatzeko. Oihan barruan borrokaldiak egiten hasi ziren,
horretarako toki bereziak sortuta. Capoeira deitzen zieten oihan barruan
ezkutatutako borrokagune horiei, eta hortik dator kirolaren izena.
Erasoa eta babesa lantzen ditu, arte martzial gisa, baina aurkaria ukitu gabe.
Horregatik, erresistentzia asko lantzen da capoeira eskoletan. Mugimenduak
asmatu eta inprobisa daitezke, eta horretan zerikusi handia du dantzak. Capoeira
eskoletan dantza mugimendu andana ikasi, erabili eta sortzen da, ikaslearen
trebeziaren arabera. Gainera, musikarekin egiten dute capoeira oraingo
akademietan, betiere Brasilgo musika tradizionalarekin, eta horrek areagotu
egiten du artearen antza.
Adituen arabera, oso kirol osoa da capoeira, eta ondo baino hobeto lantzen du
gorputza. Baina hori bakarrik ez: burua ere ederki indartzen ei du. Gorputzaren
eta buruaren oreka iristea omen da capoeiraren xedea, eta, behin hori lortuz
gero, osotasun mentala iristen omen da. Burua sendatzeko eta bere oreka lortzeko
ere balio omen du, hortaz. Probatzea izango da hoberena.