HABE Liburutegia
Sarrera  

HABE Liburutegia biblioteka espezializatu eta publikoa da eta hizkuntza du ardatz nagusi. Hiru atalez osatuta dago liburutegia:

1. Hizkuntzalaritza Aplikatuaren atala. Hau da Liburutegiko atalik garrantzizkoena eta hizkuntzari buruzko hiru azpi-atalok lantzen ditugu bertan:

  • Hizkuntzaren didaktika
    Ama-hizkuntza, bigarren edo hirugarren hizkuntzaren i(ra)kaskuntza: metodologiak, teknikak, baliabideak, curriculuma, ebaluazioa...
  • Soziolinguistika
    Munduko hizkuntzen egoera, elebitasuna, eleaniztasuna, diglosia, hizkuntz plangintza, hizkuntz politika, demolinguistika, hizkuntz ukipena, eremu urriko hizkuntzak...
  • Psikolinguistika
    Hizkuntzaren jabekuntza, haurren hizkuntza...

Gainera, goiko hiru azpi-ataletako liburuen oinarrian dauden jakingai orokorragoak biltzen dituen atal osagarria dugu, hain justu ere, pedagogia, psikologia, soziologia eta hizkuntzalaritza gaiak biltzen dituen atala.

2. Euskarazko atala. Euskaraz sortzen den dokumentazioa biltzen da bertan: literatura, pentsamendua, testu-liburuak... Euskarazko liburutegi orokor baten funtzioa betetzen du.

3. Hizkuntzak i(ra)kasteko materialak. Atal honetan hizkuntza ugari (auto)ikasi edo irakasteko materialak aurki daitezke. Besteak beste: euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelania, alemana, txinera, arabiera, katalana, errusiera, poloniera, bulgariera, hindi, swahili... eta beste asko.

Euskarri desberdineko dokumentuak biltzen ditugu Liburutegian: 25.000 liburu, 600 aldizkari-bilduma eta bideo, kasete, diskete, tesi, txosten, CD eta CD-ROM ugari.